Krisi Ekonomikoa -

Bilbo

Urkulluren ustez, 'krisiaren urak kontrolpean daude'

Lehendakaria baikor mintzatu da eta etorkizuna itxaropenez begiratzen duela adierazi du.

Iñigo Urkullu lehendakariak etorkizunari baikortasunez begiratzeko eskatu du. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakariak etorkizunari baikortasunez begiratzeko eskatu du. Argazkia: EiTB
Urkulluk Jaurlaritzaren Larrialdi Zentroa bisitatu du Txurdinagan

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak etorkizunari baikortasunez begiratzeko eskatu du, izan ere, "krisiaren urak kontrolpean daude".

Larrialdiak Koordinatzeko Txurdinagako Zentroak 30 urte bete ditu gaur, eta hori dela eta, eta 1983ko uholdeen urteurrenaren bezperatan, bertara egin du bisita Urkulluk, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin batera.

Urteurrena gogoan, uholdeak pairatu zituztenen jarrera, sakrifizioa eta borondatea goraipatu ditu. Horren ustez, pertsona horiek egungo krisi ekonomikoa gainditzeko eredu dira.

"Guztion artean eraiki ditugun dikeei esker, krisiaren urak kontrolpean daude. Ez da handikerietarako garaia, bide luzea dugu aurretik, baina ubidea zabaltzen ari da", adierazi du lehendakariak.

1983ko uholdeak gogoan izan ditu, eta orduan herritarrek erakutsitako espirituarekin egoera ekonomiko zailari aurre egitea posible izango da, lehendakariaren arabera. "1983ko abuztuaren 26an, krisi ekonomikoaren garaian, euskal gizartea bat-batean antolatu zen, eta sakrifiziorako eta elkartasunerako borondatea erakutsi zuen", gaineratu du.

28 hildako eta 4 desagertu utzi zituzten 1983ko uholdeek, eta Urkulluk horiek guztiak gogoan izan ditu gaurko agerraldian.

Estefania Beltran de Herediak larrialdietarako koordinazio zentroaren garrantzia aldarrikatu du: "Askoren ahaleginari esker, gaur egun larrialdietarako sistema aurreratua daukagu".

1983, Euskadi urperatuta filmaren aurkezpena izan da gaur Bilbon, eta lehendakaria bertan izan da. Jabi Elortegik zuzendutako dokumentala abuztuaren 25ean izango da ikusgai ETB1en, eta astelehenean ETB2n. Errekuperazioaren bidea ahaleginez betea dela erakusten du dokumentalak, Urkulluren esanetan. "Herriak ezbehar bat nola gainditzen duen kontatzen du dokumentalak", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea