Krisi Ekonomikoa -
Eurostat-en datuak
Langabezia-tasa mantendu egin da Eurogunean eta EBn, uztailean
Espainian, langabezia tasa ez da aldatu aurreko hilabetearekin alderatuta, eta % 26,3koa da. EBn langabezia mailarik handiena duen bigarren herrialdea da.
Erredakzioa
Eurogunean eta Europar Batasunean egonkor mantendu da langabezia-tasa uztailean, Eurostatek gaur zabaldu dituen datuen arabera. Eurogunean % 12,1ekoa da langabezia, eta EBn, % 11koa.
Espainian ere mantendu egin da, aurreko hilabetearekin alderatuta, eta % 26,3an kokatu da. Greziaren ostean (% 27,6) langabezia mailarik handiena duen Europar Batasuneko bigarren herrialdea da.
2012ko uztailean, Euroguneko langabezia-tasa % 11,5ekoa zen, % 10,5ekoa EBn, eta % 25,4koa Espainian. Hilabete horretan, 26,6 milioi langabe zeuden EBn, eta horietatik 19,2 milioi Euroguneko herrialdeetakoak ziren.
Datuak zabaldu dituzten gainerako herrialdeen artean, langabezia-tasarik txikiena duten herrialdeak Austria (% 4,8), Alemania (% 5,3) eta Luxenburgo (% 5,7) dira.
Azken urtean, langabeen kopuruak gora egin du EBko 17 estatutan, eta behera egin du 11 herrialdetan.