Krisi Ekonomikoa -
FINANCIAL TIMESEN ELKARRIZKETA
De Guindos: 'Espainia Europaren politiken kalitatearen erakusgarri da'
Espainiako Ekonomia ministroaren hitzetan, Espainiaren atzeraldia "hiruhileko honetan" bukatuko da, eta 2014rako aurreikusi zuten hazkundea (% 0,5) berrikusi egingo dute, handitzeko.
Erredakzioa
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun ministroaren ustez, "Espainiako ekonomia hobetzen hasi izanak" eurogunean aplikatu diren doitze politiken "kalitatea" erakusten du.
De Guindosek gaur "Financial Times" britainiar egunkari ekonomikoaren webgunean argitaratu duten elkarrizketa batean esan duenez, "duela sei hilabete baino konfiantza handiagoa dugu", Espainiak atzeraldia hiruhileko honetan utziko du atzean eta datorren urterako ezarritako hazkunde aurreikuspena (% 0,5) berrikusi egingo dute, igotzeko.
"Eurogunean indarrean jarritako politiken kalitatearen erakusgarri argia izango da Espainia", ministroak esan duenez. "Tunelaren amaieran argia ikusten hasi da", gaineratu du.
De Guindosen arabera, Espainiako ekonomia datorren urteko bigarren hiruhilekotik aurrera hasiko da enplegua sortzen, eta 2014an Espainiako Barne Produktu Gordina % 0,5 baino "apur bat" gehiago haziko dela uste du.