Krisi Ekonomikoa -

Canal 9

Valentziako irrati-telebista itxiko dutela iragarri du Generalitateak

Erabakia jakin ondoren, albistegietako platoan bildu dira 40 bat langile, eta komunikatua irakurri dute. ''Zitalkeria eta koldarkeria'' da, langileen hitzetan.

Canal 9, azken programa
Canal 9, azken programa
Canal 9, azken programa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

RTVV Valentziako irrati-telebista publikoa itxiko dutela iragarri du astearte honetan Generalitateak. Izan ere, gaur bertan Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du iazko abuztuan 1.000 langile baino gehiago kaleratzeko RTVV Valentziako irrati-telebistak aurkeztutako enplegu-erregulazioko txostena. Langile horiek berriz onartzera behartzen du ebazpenak, eta, horren aurrean, RTVV ixtea erabaki du Valentziako Gobernuak.

Ohar baten bidez, Valentziako Generalitateak esan du ebazpenaren aurrean irtenbide bakarra dutela: "Zoritxarrez, irrati eta telebista publikoaren zerbitzua etetea".

Alberto Fabraren Exekutiboak azpimarratu duenez, mila langile baino gehiago berriz onartu beharrak "ezinezko egiten du jarraitzea, 1.700 langileko plantillari eusteak bakarrik 72 milioi euroko kostua duelako". Zenbateko horri, gainera, funtzionamendu gastuak ere gehitu behar zaizkiola azaldu du. "Generalitateak ezin du momentu honetan kostu hori bere gain hartu", gaineratu du.

Hala, "oinarrizko zerbitzuei lehentasuna eman eta osasun arreta, hezkuntza eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu" behar dituztela azpimarratu du Valentziako Generalitateak ohar horretan.

Langileen komunikatua, platotik

Itxiera gaitzesteko, albistegietako platoan protesta egin dute hainbat langilek, 20:30ean emititu duten saioko aurkezleekin batera.

Hala, 40 bat langile atzean zituztela abiatu dute aurkezleek saioa, eta, itxieraren albistearen berri eman ondoren, RTVVko langileen izenean komunikatua irakurri dute. "Gure asmoa lan egitea eta emisioekin normaltasunez jarraitzea da", azpimarratu dute.

Ohar horretan adierazi dutenez, valentziarrak eta bertako irrati-telebistako langileak ez dira "enpresaren gainbehera ekarri duen kudeaketa politikoaren eta ekonomikoaren errudun".

Gobernuaren erabakia "zitalkeria eta koldarkeria" izan dela uste dute, eta RTVVko zuzendaritzako kide ohien artean "Gurtel auziarekin lotura duten lagunak" eta "sexu-jazarpenagatik inputatutako pertsona bat" ere badagoela azpimarratu dute.

Valentziako Gobernuari kritika egin ondoren, txalo artean bukatu dute komunikatua. Ondoren, albistegiarekin aurrera jarraitu dute aurkezleek, eta platotik pixkanaka alde egin dute gainerako langileek.

Greba, "japoniar erara"

"Ahalik eta denbora gehien mantenduko dugu langileok telebista martxan", esan du Jose Manuel Alcañiz Canal 9ko langileak Radio Euskadiko "Ganbara" saioan. "Greba japoniar erara egiteko prest gaude", gaineratu du.

Alcañizek azaldu duenez, kaleratutako langileak Valentziako Gobernuaren egoitza aurrean bilduta jarraitzen zuten 23:00etan, protesta gisa, Fabra presidentea barruan zela.

Aurrekaria ezar dezakeela uste du FAPEk

Elsa Gonzaleza FAPE Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioko presidenteak atsekabea agertu du Valentziako irrati-telebista publikoaren itxieraren iragarpenaren ondoren, eta erabakia beste erkidego batzuetan aurrekaria izan daitekeela uste du.

Canal 9: 24 urtez valentziarren telebista

1989tik Valentziako ikus-entzunezko sinbolo da RTVV, urte hartan, irailean, hasi baitzen emititzen Canal 9. Ondoren sortu zituzten Punt Dos bigarren katea, Ràdio 9 irrati autonomikoa, Nou 24 katea eta Nou Internacional, satelite bidezkoa.

1992an lortu zituen emaitzarik onenak Canal 9k, % 22,5eko pantaila kuotarekin, eta "Tombola" izan da Estatu mailan saio ezagunena. 2000. urtetik etengabe egin du behera Canal 9ren audientziak.

1.400 milioi euroko zorra du Valentziako irrati-telebista publikoak, eta 2012ko abuztuan 1.200 langile kaleratzeko enplegu-erregulazioko txostena aurkeztu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia ABEEE berriak Telebista publikoa berriak Ekonomia berriak Euskal Herriko telebista Gaurko titularrak Eguneko albisteak Lan gatazkak azken ordukoa Valentzia gaur