Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Jaurlaritzak 10.000 lanpostu sortuko ditu eraikuntza alorrean
Atzo aurkeztutako Enplegu Planaren harira eman du datu hori Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Erredakzioa
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, Jaurlaritzak 10.000 lanpostu baino gehiago sortuko ditu eraikuntza alorrean, etxebizitzak berritzeko Renove planari esker; izan ere, "alor horretan milioi bat euro inbertituz gero, badirudi 8 edo 14 lanpostu inguruan sortuko direla".
Aburtok azaldu duenez, eraikuntzaren sektorean "sufrimendu handia" dago krisi garaian. Horregatik, Jaurlaritzak zerbait egitea eta etxebizitzak berritzeko plana abian jartzea erabaki du, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo aurkeztu zuen Enplegu Planaren baitan.
"Oso garrantzitsua dela iruditzen zait, hor inbertitzen dugun diruak enpleguaren sorkuntzan eragin handia duelako. Gainera, guk jarritako dirua hamar edo hamabi halako bihurtzen da eremu pribatuan, eta horrek jarduera ekonomikoa sustatuko du", azaldu du.
Halaber, Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak zehaztu du 37.000 etxebizitza inguru berrituko dituztela; izan ere, EAEko "etxebizitzen % 53k 50 urte baino gehiago dituzte".
Adegiren proposamena lan-harremanetarako
Bestalde, Aburtok adierazi du ez datorrela bat Adegi Gipuzkoako patronalak lan-harremanen inguruan egin duen proposamenarekin, baina horren "filosofia" defendatu du.
Aburtok azaldu duenez, lan-harremanetan "langileen inplikazioa" behar dela aldarrikatzen egiten du bat Adegirekin, baina enpresari gipuzkoarren ordezkariek proposatutakoaren kontra, beharrezkotzat jo ditu hitzarmen kolektiboak eta horietara iristeko negoziazio kolektiboa. Izan ere, lan-hitzarmen sektorialak "onak" direla uste du, enpresa txiki "asko" baitaude.
Horren harira, lan-harremanetarako eredu berri baten beharra aldarrikatu du, Adegiren moduan, baina sindikatuen papera gutxietsi gabe. "Euskal Herrian lan-harremanetarako eredu bat eduki dugu, eta baliagarria izan da orain arte. Gai izan behar dugu gauzak beste era batera egiteko, beste eredu bat mahai gainean jartzeko", gaineratu du.
Jaurlaritzaren egitekoa
Eusko Jaurlaritzak hor jokatzen duen paperaren inguruan galdetuta, Jaurlaritzak "bitartekaritza" lan egin behar duela eta horretan ari direla azpimarratu du. Alor publikoan ere negoziazio kolektiboaren eremua adosten saiatu zirela esan du.