Krisi Ekonomikoa -
Deustuko Unibertsitatea
Susperraldia oraindik arriskutsuan dagoela ohartarazi du Caixabankek
Juan Maria Nin presidenteorde eta zuzendari nagusiak uste du ez dela ona susperraldian "gehiegizko konfiantza" izatea. Bestalde, langabezia eta zor publikoa jo ditu erronka nagusitzat.
Erredakzioa
Juan Maria Nin Caixabankeko zuzendari nagusiak ohartarazi du ez dela ona Espainiako Estatuko ekonomiaren susperraldian "gehiegizko konfiantza" izatea, oraindik "hasiberria" delako eta "arriskuak" dituelako.
Ninek hitzaldia eman du Deustuko Unibertsitatean, bera ikasle izan zen unibertsitatean, krisi ekonomikotik ateratzeko prozesuaren inguruan egiten ari diren jardunaldi batzuen baitan.
Horrek esanetan, azken hilabeteetan egin diren egiturazko erreformek "emaitza onak" eman dituzte, eta "okerrena pasatu da", baina "zuhurtziak" erreforma gehiago egitea eskatzen duela azpimarratu du, "oraindik asko baitago zuzentzeko".
Horren harira, Ninek esan du egungo erronka nagusiak langabezia eta zor publikoa direla. Bigarrenari dagokionez, orain arteko datu txarrenak eman dituela gogorarazi du, 2013an, Espainiako Bankuaren arabera, BPGren % 93,9ra iritsi baitzen zor publikoa, inoizko maila altuenera.
"Horrela jarraituz gero, Estatuaren aurrekontuaren lehen partida zor publikoa ordaintzekoa izango da, osasunerako eta hezkuntzarako partiden aurretik", ohartarazi du.