Krisi Ekonomikoa -
Ekonomia
2014an, euskal ekonomia atzeralditik aterako dela esan du Jaurlaritzak
Ekonomia % 1 haziko da aurten, Ogasun eta Finantza sailburuak plazaratutako datuen arabera.
Erredakzioa
Euskal ekonomia % 1 haziko da 2014an eta EAE atzeraldi ekonomikotik aterako da, Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak asteazken honetan egindako iragarpenaren arabera. Horren iritziz, "atzeraldi ekonomikoaren amaieran gaude, baina ez krisiaren amaieran"; dena den, joera aldaketa nabarmendu du.
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Ogasunak urte hasieran bildutako diru-kopurua izan du hizpide. Horren esanetan, urtarrileko eta otsaileko diru-bilketa datuak "ez dira adierazgarriak, BEZaren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) likidazioa falta baita, besteak beste".
Hala ere, 2014an ekonomia % 1 haziko dela iragarri du, eta "2013an Barne Produktu Gordina % 1,2 jaitsi zela kontuan izanda, hazkundea 2,2 puntukoa izango da", azaldu du.
Halaber, hazkundea sektore guztietan izango dela iragarri du: "Industrian eta zerbitzuen sektorean hazkunde moderatu eta progresiboa aurreikusten da, eta eraikuntzan hondatze prozesua gelditzen ari da".
Adierazleak positiboak dira, eta, beraz, "garapen ekonomiko hobea aurreikusten da", Jaurlaritzaren arabera. "Langabeziaren garapena nolakoa den ikusi beharko da orain", gaineratu du.