Krisi Ekonomikoa -
Lan baldintzak
Azpikontratazio publikoak kontrolatzeko ekimena erregistratu du ELAk
Sindikatuak Herri Ekimen Legegilea aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Guztira, 110.000 sinadura jaso ditu.
Erredakzioa
ELA sindikatuak Herri Ekimen Legegilea erregistratu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean, Administrazio Publikoko azpikontratazioetan lanpostuei eta lan-baldintzei eusteko bermeak eskatzeko.
Herri Ekimen Legegilea erregistratu aurretik, kazetarien aurrean adierazpenak egin ditu Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Horren arabera, Herri Ekimen Legegilearen helburua azpikontratazio publiko guztietan lan-subrogazioa eta hitzarmenak betetzea bermatzeko eskatzea da. Halaber, premisa horiek betetzen ez dituztenei zigorrak ezartzea eskatu dute.
"Administrazio ia guztietan murrizketak egiten ari dira lizitazioetan, eta horrek enplegua galtzea eta lan-baldintzak kaskartzea dakar", azaldu du.
Txiki Muñozek ohartarazi duenez, "orduko 5 euro irabazten dituzten langileak ari dira lanean lizitazio publikoetan". Horren esanetan, "egoera horren erantzuleak enpresak eta hori baimentzen duten administrazioak dira".
Herri Ekimen Legegilea aurkeztuta, Administrazio Publikoko kontratazioetan lan-baldintzak okerragotzea saihesteko gutxieneko araudi bat onartzea lortu nahi dute.
Erretorikatik ekintzetara igarotzeko eskatu die ELAko idazkari nagusiak Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei.
Bestalde, ELAk gai berari buruzko Herri Ekimen Legegilea aurkeztu nahi du Nafarroako Parlamentuan, eta hori egiteko beharrezkoak diren 7.000 sinadurak jasotzen ari da.