07:11

Krisi Ekonomikoa

Ontziola

Sestaoko La Navalek bi urterako lan karga lortu du

Herbeheretako konpainia batentzat ferry handi bat egiteko kontratua sinatu du.

  • Sestaoko La Navalek bi urterako lan karga lortu du.

    Sestaoko La Navalek bi urterako lan karga lortu du. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Sestaoko La Navalek kontratua sinatu du TESO enpresa herbeheretarrarentzat ferry bat egiteko, eta, horrela, bi urterako lana lortu du, ontziola bizkaitarrak prentsa-agiri batean jakitera eman duenez.

Eskari berriak Euskal Herriko ontziola garrantzitsuenaren egoera hobetuko du, aurreko martxoan azken lana entregatu zuenetik geldirik baitzegoen.

"Texelstroom" izango du izena ontziak, eta 1.750 pertsona eta 350 ibilgailu garraiatzeko gai izango omen da. Izan ere, 135 metro luze eta 28 metro zabal izango da, eta hainbat berrikuntza teknologikoz baliatuko da energiaren kontsumoa hobetzeko eta ingurugiroari kalte txikiagoa egiteko: 700 metro koadro eguzki panel izango ditu, portuetan sartu-irtenak egiterakoan energia elektrikoa erabili eta portu inguruan gas kantitate txikiagoa pilatzeko.

"Texelstroom" ontziak Herbeheretako iparraldean dagoen Den Helder portuaren eta Texel irlaren arteko bidaiak egingo ditu.

"Azken hilabeteetako Europako beste ontziola batzuekin lehia gogorrean aritu ostean" lortu omen du La Navalek kontratua, konpainiaren arabera.

Kontratu horri esker, ontziolak 600.000 ordutako lan karga izango du; hau da, bi urte gutxi gorabehera.

"Ez da nahikoa" lanpostu guztiei eusteko

Lan karga ezaren ondorioz, langileek protestak gogortu zituzten; izan ere, urte hasieran 2010etik ezartzen duten zortzigarren enplegu erregulazio espedientea sartu zuten enpresa osatzen duten 235 langileentzat.

La Navalen langile batzordeak begi onez jo du kontratua, baina ez du uste nahikoa izango denik langile guztien lanpostuak bermatzeko.

Kontratuaren sinaduraren berri izan ostean, enpresa batzordeak onartu du enpresaren egoera hobetu egingo dela, baina lau urtez EREak bata bestearen atzetik izan dituztela gogorarazi du.

Iruzkinak

    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena