Krisi Ekonomikoa -
langabezia
Bizkaian ez da enplegurik sortuko 2014an, Cebeken arabera
Bizkaiko patronalak uste du susperraldi ekonomikoa "mantsoa" dela, izan ere, aurten % 1,2ko hazkundea izango omen da lurraldean, eta gutxienez % 1,5ekoa behar omen da enplegua sortzeko.
Erredakzioa
Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteak esan du lurraldeko ekonomia % 1,2 haziko dela 2014an (2013an % 1,1eko atzeraldia izan zen), baina ez dela enplegurik sortuko, horretarako, gutxienez, % 1,5ekoa izan behar delako hazkundea.
Cebekek urteroko batzar nagusiaren bezperan zabaldu dituen aurreikuspenen arabera, % 1,5etik gorako hazkundea izan arte ez da enplegu garbirik sortuko, eta 2015erako % 1,7ko hazkundea espero denez, orduan sortuko omen da enplegua.
Iñaki Garcinuño Cebek elkarteko presidenteak uste du "premiazkoa" dela ekonomiaren susperraldia egonkortzea erreforma politikoekin, ekonomikoekin eta sozialekin, enpresak eta lan-merkatua ekonomia globalizatura egokitzeko.
Lan-harremanei dagokienez, Garcinuñok esan du "txarrak" direla jarduera ekonomikoarentzat, ELAk eta LABek "konfrontazioaren" alde egin dutelako eta "guztiari ezetz" esaten diotelako. Enpresariak azpimarratu du "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela elkarrizketa eta akordioa, susperraldi ekonomikoaren garaia "mugarri" delako.