Krisi Ekonomikoa -

Enplegua

Enplegu Planaren eragina 'mugatua' dela aitortu du Aburtok

Eusko Jaurlaritzari esker 11.585 lanpostu sortu omen dituzte, hasieran espero zutena baino 1.000 inguru gutxiago, eta 2.651 enpresa berri jarri dituzte martxan.

Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken sailburua. Argazkia: EiTB
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken sailburua.
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken sailburua. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak esan du 2014-2016 Enplegu Planak eragin "garrantzitsua" izango duela, baina "mugatua", eta aitortu du espero baino mila lanpostu gutxiago sortu zituztela iaz, 11.582 hain zuzen ere.

Aburtok agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean iaz enplegua sustatzeko abian jarritako neurrien balantzea egiteko, eta 2014-2016 Enplegu Planaz hitz egiteko.

Ekimen hori orain Legebiltzarrean aurkeztea "anakronikoa" dela salatu du Aburtok, EAJk eta PSE-EEk itundu eta Jaurlaritzak onartu zuelako urtarrilean, eta bere garaian azaldu zituztelako egitasmoaren oinarriak.

Gogora ekarri duenez, egitasmo horren baitan hainbat neurri aurreikusten dituzte, 8.000 enpresa ertain eta txiki eta 32.000 lanpostu berri sortzeko.

Bestalde, langabeziak gehien jo dituen eskualdeetako udalek urtean 2.800 langabe kontratatzeko ekintzak ere egingo dituzte, gazteei eta langabezian denbora asko daramatenei zuzenduta batik bat.

Finantziazioari dagokionez, egitasmoak 6.475 milioi euroko inbertsioa izango du: 775 milioi enplegu planetarako, 3.840 milioi ekonomia suspertzeko, eta 1.860 milioi enpresei abalak emateko.

"Ez da nahikoa"

Sailburuak azaldu duenez, "Euskadin bizi dugun aparteko egoera zailari" erantzuteko egin dute plana, baina "eragina garrantzitsua, baina mugatua" dela eta, agian, ez dela nahikoa ere esan litekeela onartu du. Izan ere, sailburuak azpimarratu du "baliabide mugatuak" dituztela.

Balantzea

Jaurlaritzak iaz martxan jarri zituen neurrien balantzearen harira, Aburtok gogorarazi du 733 milioi euro bideratu zituztela enplegua sortzeko, aurrekontu publikoaren eta ekarpen pribatuen artean.

Baliabide horiekin 11.585 lanpostu sortu omen dituzte, hasieran espero zutena baino 1.000 inguru gutxiago, eta 2.651 enpresa berri jarri zituzten martxan.

Hala, 2013a helburuen % 93 lortuta amaitu omen zuten, eta gabezia handiena "Lehen Aukera" egitasmoan antzeman zen, gazteei lehenengo lanpostua lortzera bideratutako planean, nahikoa finantziaziorik lortu ez zutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea