Krisi Ekonomikoa -
Ekonomia Europan
Urkulluk ontzat jo du EBk 'ekonomia erreala sustatzearen' alde egitea
Lehendakariaren ustean, EAE egoera ekonomiko "zail baina itxaropentsu" batean bizi da, konfiantza berreskuratzen hasi baita.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak positibotzat jo du gaur Irunen (Gipuzkoa) Europar Batasunak (EB) politika ekonomikoetan egindako aldaketa eta "ekonomia erreala sustatzearen" alde egitea, "susperraldirako erregaia" ekarriko duelakoan.
Urkulluk gogoeta hori egin du Uvesco taldearen plataforma berri baten inaugurazioan; enpresa gipuzkoarrak 11 milioi euro inbertitu ditu plataforman.
Lehendakariak euskal ekonomian atzemandako zenbait adierazle positibo aipatu ditu; esaterako, kontsumo pribatua, 2015ean % 1,3 haztea espero baita.
Urkulluk Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburuarekin egin du agerraldia eta, esan duenez, EAE egoera "zail baina itxaropentsu" batean bizi da, konfiantza berreskuratzen hasi baita. Joera hori zenbait adierazletan nabaritzen hasi da; adibidez, etxeetako eskari mailan.
Urkulluren esanetan, inbertsioaren garaia heldu da; eta eskertu egin du, esaterako, Uvescok apustu horien modukoak egitea. Enpresak 100 milioi euro inbertitu ditu azken bost urteetan hazkundea bultzatzeko eta enplegua sortzeko.