Krisi Ekonomikoa -
Bizkaia
Abuztuan, posta zerbitzua 'kaosa' izango dela salatu dute sindikatuek
Banaketa zerbitzuan beharrezkoak direnak baino langile gutxiago daudela salatu dute CCOO, ESK, UGT, ELA, LAB eta CSIF sindikatuek.
Erredakzioa
Correos Bizkaia konpainian ordezkaritza duten sindikatuek (CCOO, ESK, UGT, ELA, LAB eta CSIF) abuztuan posta zerbitzua "hondamendia" izango dela ohartarazi dute, beharrezkoak direnak baino langile gutxiago daudelako.
Agiri batean, zerbitzua "okerrera" egiten ari dela salatu dute, banaketa taldeetan "hutsune" handiak daudelako. Hori dela eta, udan "kaosa" sortuko dela azpimarratu dute.
Gainera, zuzendaritzak arazoari heldu nahi ez diola kritikatu dute sindikatuek: "Ez dira gurekin bildu nahi izan, eta ez digute erantzun; horrenbestez, zer eskaini ez dutela eta erabiltzaileen eta langileen etorkizuna bost axola zaiela ondorioztatzen dugu".
Hori horrela, zentralek mobilizazioak abiatu dituzte. Gaur elkarretaratzea egin dute, Bilbon, Casilla pabiloiaren aurrean dagoen bulegoan, eta astelehenean, asteazkenean eta ostegunean ere protestak egingo dituzte, hainbat zentrotan.