Krisi Ekonomikoa -
Urteko balantzea
Rajoy: 'Hazkunde aurreikuspena ez da % 1,5 baino handiago izango'
Bestalde, legegintzaldia amaituko duela eta ez duela Gobernuan aldaketarik egingo azpimarratu du.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak 2014rako egindako hazkunde aurreikuspena handituko du uda ondoren, baina dena den ez da % 1,5 baino handiagoa izango Mariano Rajoy Gobernu presidenteak baieztatu duenez.
Ministro Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak Diputatuen Kongresuan esandakoa berretsi du, hots, hazkunde aurreikuspena % 1,5 ingurukoa izango dela 2014an eta % 2koa 2015ean.
Gaiaz galdetuta, Rajoyk adierazi du ez dagoela ezer erabakita eta horren gaineko erabakia ez dutela iraileko bigarren hamabostaldira arte hartuko, 2015eko Aurrekontu Orokorren gaia mahai gainean jartzen duten arte alegia. Hala eta guztiz ere, "ziurra da hazkunde eta enplegu aurreikuspenak igo egingo direla".
Rajoyren esanetan, Gobernuak 2014rako Barne Produktu Gordinaren aurreikuspenak hobetzen dituen hirugarren aldia da, % 0,7tik % 1era, % 1etik % 1,2ra eta orain % 1,5era.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, hazkunde ekonomikoa "gelditzeko etorri da" eta hazkunde ekonomikoa "irmoa eta geroz eta biziagoa da". Hori dela eta, Gobernuak egiturazko erreformak egiteko hasitako bideari eutsiko diola eta aktibitate ekonomiko eta enplegu gehiago izateko "azeleragailua" zapalduko duela gaineratu du.
Bestalde, legegintzaldia amaitzeko eta Gobernuan inolako aldaketarik ez egiteko asmoa azpimarratu du.
Enplegu hazkundea
Urtearen lehen erdiaren balantzea egiteko agerraldian enplegua ere hizpide izan du Espainiako Gobernuko presidenteak. Horren esanetan, "egoerak 180ºko norabide aldaketa izan du", izan ere, Legegintzaldiaren hasieran langabezia % 12ko erritmoan hazten zen eta Biztanleria Aktiboaren azken inkestaren arabera, orain langabezia tasa % 7ko erritmoan jaisten ari da.
"Orain enplegu sorrera garbia izaten ari garela esan dezakegu 6 urtean lehen aldiz. Hala, historiako langabeziaren beherakadarik handiena da", gaineratu du.
Bestalde, urteko bigarren seihilekoan lanean ari direnen kopurua 400.000 pertsonatan hazi dela eta 180.000 kontratu mugagabe egin direla nabarmendu du.
Konstituzioaren erreforma
Rajoyk azaldu duenez, ez dago Konstituzio erreformaren kontra horretarako une politiko egokia ez delako, inork aldaketa hori zertan datzan eta horrekin zer egin nahi duen azaldu ez diolako baizik.
Horren iritziz, oso garrantzitsua da Konstituzioaren erreforma zertarako egin nahi den jakitea. Gaineratu duenez, entzuteko eta balizko Konstituzio erreforma onartzeko prest legoke zentzuzkoa balitz, eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok 2010an egindako proposamena babestu zuela gogoratu du.
"Norbaitek zerbait proposatu nahi badu, planteatu dezala benetan eta esan dezala zehazki zer egin nahi duen. Ni Konstituzioak dioenarekin ados nago eta Konstituzioak dio alda daitekeela", azaldu du. Dena den, Konstituzioan aldatu ezin diren zenbait alor daudela azpimarratu du, hala nola, Estatu-eredua, subiranotasun nazionala eta Espainiaren batasuna. Norbaitek beste zerbait nahi badu legeetan jasotako prozedura erabili beharko du: "izan ere, legeak zalantzan jartzen baditugu bide txarretik goaz". "Eta ni Gobernu presidentea naizen bitartean legea errespetatuko da", gaineratu du.
Masek legez kanpoko ezer ez duela egingo sinisten du Rajoyk
Artur Mas Generalitateko presidenteak esandakoan sinesten duela adierazi du Mariano Rajoyk, hots, ez duela Kataluniako galdeketaren harira "legez kanpoko ezer" egingo. Bestalde, PSOEk gaiaz duen jarrerarekin "oso lasai" dagoela nabarmendu du.
Rajoyk azaroaren 9an (galdeketa eguna Katalunian) zer gertatuko den ez jakitea aitortu badu ere, Masek hainbatetan legez kanpoko ezer ez duela egingo esan duela nabarmendu du. "Hori gertatzea espero dut", gaineratu du.
RAjoy: 'ETAk desegin egin behar du'
ETAk egin behar duena desegitea dela adierazi du Rajoyk. "Hainbatetan esan dut eta uste dut espainiar gehienek partekatzen dutela ideia hau, hots, ETAk desegin egin behar duela", azaldu du.
"Hori da egin behar duena eta hori egiten ez duen bitartean desegin gabeko talde terrorista bat izaten jarraituko du", gaineratu du.
Zerga erreforma onartu du Ministro Kontseiluak
Espainiako Ministro Kontseiluak zerga erreformaren lege proiektua onartu du ostiral honetan. Rajoyren esanetan, erreforma horrek 9.000 milioi euro herritarren poltsikoetara itzultzea ahalbideratuko du 2015 eta 2016 urteen artean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta Sozietateen gaineko Zergan egindako aldaketei esker.
Hala adierazi du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gaurko Ministro Kontseiluaren ostean egindako prentsa agerraldian. Urtearen balantzea egiteko baliatu du agerraldia eta, zerga erreformak 20 milioi zergadunen "zama fiskala" arintzeko balioko duela azpimarratu du.
Urtean 12.000 euro baino gutxiagoko irabaziak dituzten zergadunek ez dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaindu beharko, eta 24.000 euro baino gutxiagoko irabaziak aitortzen dituztenek (zergadunen % 72) zergetan % 30 gutxiago ordaindu beharko dute, Rajoyk azpimarratu duenez. Halaber, zerga erreformak autonomoen eta enpresa txiki eta ertainen zerga-ordainketa hobetuko duela iritzi dio Espainiako Gobernuko presidenteak. Bestalde, familiei, gutxien dutenei eta aurreztaileei zergak jaitsi zaizkiela nabarmendu du.
Hasieran aurkeztutako zerga erreforma horretan hainbat aldaketa egin dituztela adierazi du Rajoyk. Lehenik, kaleratua izan ondoren jasotako kalte-ordaina 180.000 euro baino gutxiagokoa bada, ez dute zergarik ordaindu beharko. Bigarrenik, etxebizitza alokatzeagatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan egiten den beherapena % 60koa izango da aurrerantzean ere, hasiera batean % 50ekoa izatea aurreikusten bazen ere. Hirugarrenik, 65 urtetik beherako zergadunek ez dute edozein motatako aktiboren bat saldu ostean (higiezinak, akzioak, ...) zergarik ordaindu beharko beti ere diru hori pentsioa osatzeko erabiltzen badute. Bestalde, aurrezteko egitasmo indibidualen gutxieneko iraunkortasuna 10 urtetik 5era jaitsi du Espainiako Gobernuak.