Krisi Ekonomikoa -
Ebazpena
Epaileak Spanairren kontseilua eta Avançsa zigortu ditu kiebragatik
Halaber, Ferran Soriano eta kontseiluko gainerako kideak inoren ondareak kudeatzeko gaitasungabetu ditu eta 10,8 milioi euroko isuna ezarri die.
Erredakzioa
Bartzelonako Merkataritza Auzitegiak errudun jo du Spanairren konkurtsoa, eta administrazio kontseiluko kide guztiei eta Avançsa Generalitateko elkarteari 10,8 milioi euroko isuna jarri die.
Epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez, konkurtsoan sartzeko eskaria beranduegi egin zutelako jo dituzte errudun.
Era berean, ebazpenak gaitasungabetu egin ditu bi urterako kontseilari guztiak eta Avançsa inoren ondareak kudeatzeko.
Epailearen arabera, aipatu pertsona horiek Spanairren kaudimengabezia larritu zuten borondatezko konkurtsoaren aurkezpena atzeratuta.
Guztira hamabi dira zigortuak: Ferran Soriano, Michael Balint Szucs, Fira Internacional de Barcelona, Miquel Marti Escursell, Jordi Rafael Bago, Josep Maria Benet, Inversions Turistiques i Comercials 2009, Josep Mateu, Catalana d'Iniciatives, Benny Zakrisson, Avançsa eta Karl Mats Erik Lönnqvist.
Karl Mats Erik Lönnqvisten kasuan, gaitasungabetzea ezarriko zaio, baina ez du isuna ordaindu beharko, Spanairren egoera larritu zenerako dimisioa emana zuelako.