Krisi Ekonomikoa -

Aurreikuspenak

Jaurlaritzak dio susperraldi ekonomikoa 'motela' izango dela

% 1eko hazkundea aurreikusi du 2014rako, eta % 1,7koa 2015erako. Datorren urtean, gainera, enplegu garbia sortzen hasiko omen da.

Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun sailburua. Argazkia: EiTB
Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun sailburua.
Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun sailburua. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi du EAEren susperraldi ekonomikoa "motela eta arina" izango dela, ekonomian desegonkortasuna nagusitzen delako eta arazo politikoengatik.

Elkargiren XV. Finantza Foroaren irekiera ekitaldian adierazi duenez, "denbora dezente igaroko da ongizate egoerara itzultzeko".

Gatzagaetxebarriak gogorarazi du EAE atzeraldian zegoela iaz, urte arteko % 1,2ko beherakadarekin, eta egun egoera aldatu egin dela, eta hazkundea % 0,9ra iritsi dela.

Era berean, 2014an langabeziaren gorakada "moteltzen" joan dela eta "enplegu sorkuntza txiki bat", % 0,1ekoa, izan dela azpimarratu du Gatzagaetxebarriak, nahiz eta argi adierazi lanpostu garbiak, jardunaldi osokoak, "2015etik aurrera" hasiko direla sortzen.

Deflazioari dagokionez, Gatzagaetxeberriak esan du EAEn ez dagoela deflaziorik, baina "zalantza sortu duen beherakada bat" izan dela prezioetan.

Gatzagaetxebarriaren arabera, inflazio baxuaz gain, Europar Batasuneko herrialdeetako arazoek mantsotzen dute susperraldia, Alemaniakoek eta Frantziakoek, besteak beste. Horrez gain, Ukrainako gatazkak eta petrolioa ekoizten duten herrialdeetako arazoek ere eragina dutela azpimarratu du.

Hori dela eta, "ekonomiaren aurreikuspenei buruzko balorazioetan zuhur" jokatzea eskatu du.

% 1 haziko da 2014an

Hala, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, EAEko ekonomia % 1 haziko da 2014an, eta % 1,7, berriz, 2015ean.

Bestalde, sailburuak ohartarazi du enpresa ertain eta txikiek arazoak dituztela kredituak lortzeko, eta EAEko enpresen % 99,8 mota horretakoak direla eta langileen % 72ri lana ematen diela gogorarazi du.

Enpresa horiek bankuen finantziazioaren dependentzia handia dutela eta egungo arazoa ez dela likidezia, "kaudimena baizik", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea