Krisi Ekonomikoa -
Bergara
Candyn lanari eusteko plana aztertzen ari dira Aldundiarekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako plana litzateke, Bergarako lantegira beste produktu baten ekoizpena eramateko. Gaur dute bilera langileek eta zuzendaritzak.
Erredakzioa
Bergarako Candy enpresan aurre-akordio bat lortu nahian ari dira langileak eta zuzendaritza, Gipuzkoako aldundiaren bultzadarekin. Atzo Candy ixtearen aurkako manifestazioa egin zuten Bergaran, eta bertan jakinarazi zuten langileek negoziazio horien berri.
Enpresa itxi eta 150 pertsona kalean uztea aurreikusten du enpresako zuzendaritzak, Enplegu Erregulazio Espediente baten bidez. Hala ere, langileek behin eta berriz nabarmendu dute enpresa bideragarria dela, eta itxiera ekiditeko aukera baten berri eman zuten atzo: Gipuzkoako Aldundiak bultzatutako plana.
Antza denez, Candy prest dago indemnizazioetan gastatu beharko zukeen dirua beste diru poltsa batean jartzeko, eta helburua litzateke diru horrekin Bergarako lantegira beste produktu baten ekoizpena eramatea.
Gaur bukatuko da Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta-epea, eta negoziatzeko azken bilera dute langileek eta zuzendaritzak. Bertan gauzak gehiago argitzea espero dute.
Jarrera kontrajarriak
Candyko zuzendaritzak aste honetan adierazi du ahalegin guztiak egin dituela lantegiari eusteko (tartean 14 milioi euroko inbertsioa joan diren hamar urteetan), baina ezinezkoa zaiola Bergarako jarduerari eustea.
Langileen ordezkariek, bestalde, salatu dute Candyk irabaziak izan dituela aurten ere, eta informazioa ezkutatzea leporatu diote zuzendaritzari. Mobilizazioak ari dira egiten eta asteburu honetan Madrilera eta Bartzelonara joateko asmoa dute.