Krisi Ekonomikoa -
Lan erregulazioa
Candyk 10 egun luzatu du Bergarako kaleratzeen negoziazioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak baieztatu du Aldundia enpresako zuzendaritzarekin eta langileekin hitz egiten ari dela enpleguari eutsiko dion irtenbidea bilatzeko.
Erredakzioa
Candy Hooverren zuzendaritzak Bergarako (Gipuzkoa) lantegiaren lan erregulazio txostenaren negoziazioa 10 egun luzatzea onartu du, eta bitartean, Gipuzkoako Aldundiak berrindustrializazio egitasmo bat osatu nahi du, fabrika horren itxieraren eragina arintzeko.
Enpresaren zuzendaritzak bilera egin du gaur langileen ordezkariekin, eta bertan adostu dute negoziazio epea abenduaren 23a arte luzatzea.
Candyk Bergarako garbigailuen ekoizpena bertan behera uzteko erabakia sendoa da, sindikatuek eta enpresak jakinarazi dutenez, baina 150 kaleratzeen kalte-ordainak negoziatzeko epea malgutzeko prest agertu da.
10 egun hauetan, Candyk kalte-ordainak zenbatekoak izango diren negoziatzeko aukera izango du, eta baliteke aktiboren bat (pabilioiak, adibidez) ematea langileak birkokatzeko, industria egitasmoren bat aurkeztuz gero.
Dena dela, industria proiektu berri bat izango litzateke, Candy Hooverren erabakiak atzera bueltarik ez duelako.
Aldundiak adierazi du gutxienez "denbora irabazi" dutela gaurko akordioarekin, enpresaren jarduerari eusteko aukerak aztertzeko, langileen parte-hartzearen bitartez.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak baieztatu du Aldundia enpresako zuzendaritzarekin eta langileekin hitz egiten ari dela enpleguari eusteko irtenbide bat bilatzeko.
Lantegiaren itxiera galaraziko lukeen aurreakordio baten inguruan galdetuta, ahaldun nagusiak esan du "langileekin, adituekin eta enpresaren zuzendaritzarekin lanean" diharduela, baina ezin duela ezer gehiago aurreratu.