Nafarroako kutxa auzia -

Eskaera onartu dute

Barcinak Parlamentura joan beharko du, CAN auziaz azalpenak emateko

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak Bilduren eskaera onartu dute, baina ez dute agerraldia egiteko eguna zehaztu.

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak CAN auziaren inguruan Nafarroako Parlamentuan azalpenak eman beharko ditu, "bertan egindako gehiegikeriez eta horietan duen inplikazioaz hitz egiteko". Bilduk egindako eskaera izan da, aste honetan bertan "ez ohiko eta premiazko agerraldia" egiteko.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak onartu egin dute eskaera, baina ez dute agerraldia egiteko eguna zehaztu. Hala ere, Bakartxo Ruiz Bilduren bozeramaileak kazetariei esan dienez, Alberto Catalan Parlamentuko presidenteak agerraldia aste honetan bertan egiten saiatuko dela esan die.

"Beharrezkoa da", Ruizen hitzetan, egoera "oso larria" delako eta, "Nafarroako Kutxan egindako gehiegikeriengatik inputatzeko aukeraren aurrean, Barcina Nafarroako herritarrei eragiten dieten arazoekin baino kezkatuago dagoelako bere egoera pertsonalarekin".

Ruizentzat beharrezkoa da Yolanda Barcina "herritar bat gehiago bezala epaitegietatik pasatzea", eta horretarako "dimititu" egin behar duela adierazi du, Nafarroako presidente izanik forupekoa delako.

Horren harian, Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramailearen iritziz, "auzi honen inguruan ez bada, Bilduk ez du politika egiteko beste erarik". "Eurek ikusiko dute", esan du Adanerok, baina "Bildukoek ez dute Gobernua eta, ondorioz, UPN ahultzea beste irizpide, irtenbide eta helbururik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea