Krisi Ekonomikoa -
Negoziazioak
Guardian enpresak ez ditu 139 langile kaleratuko
Horren truke, aldi baterako lan-erregulazioko txostena ezarriko dute enpresan eta langile bakoitzak 45 egingo ditu lanik gabe. Langileek bihar bozkatuko dute enpresaren proposamena.
Erredakzioa
Laudioko Guardian enpresako zuzendaritzak bertan behera utziko du 139 langilea kaleratzea aurreikusten zuen lan-erregulazioko txostena. Horren ordez, aldi baterako lan-erregulazioko txostena ezarriko dute, eta langile bakoitzak 45 egun egingo ditu lanik gabe. Bestalde, 25 lanpostu inguru suntsitzea aurreikusten du zuzendaritzak.
Lantegiko langileak greba mugagabean zeuden iragan urriaren 23az geroztik. Gaur elkartu da bosgarren aldiz negoziazio mahaia, eta kaleratzeak bertan behera utzi eta aldi baterako lan-erregulazioko txostena ezartzea erabaki dute.
Enpresak ohar bidez jakinarazi duenez, Guardian Industries multinazionalaren zuzendaritzak gatazka konpontzeko babesa eskaini dio Laudio lantegiko zuzendaritzari. Enpresaren arabera, “orain malgutasun handiagoa dute langile batzordearekin negoziatzeko”.
Multinazionalaren zuzendaritzak, urtebeteko epea eman die Laudioko lantegiaren arduradunei, merkatu berriak lortzeko, eta enpresa bideragarriago egiteko.
Bihar bozkatuko dute enpresaren proposamena langileek, eta han erabakiko dute greba bertan behera utzi ala ez. Enpresa zuzendaritzak 25 lanpostu suntsitzea espero du, baina kaleratze horiek borondatezkoak izatea aurreikusten du.
Lehen balorazio positiboa egin du langile batzordeak.