Ekonomia -
Aurrekontuak 2013
Gipuzkoako Aurrekontuen aurkako osoko zuzenketa kendu du PSEk
Hala ere, aurrekontuetan akordiora iritsi ez direla berretsi du Rafaela Romero bozeramaileak "igande gauean negoziazioak bertan behera gelditu direlako".
Erredakzioa
Bilduk Gipuzkoan 2013rako aurkeztutako Aurrekontuei jarritako osoko zuzenketa kendu du PSE-EEk, negoziazioak bart "hautsi" arren, "sozialistek, zaborrak kudeatzeko auzian, ekonomia lehenesten dugulako", adierazi du Rafaela Romero bozeramaileak.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan osoko bilkura hasi baino lehen eman duen prentsaurrekoan, "osoko zuzenketa kendu arren, ez dago Bildurekin aurrekontuen inguruan akordiorik, igande gauean negoziazioak hautsi egin direlako", esan du.
Erraustegiari dirua emateko EAJk aurkeztutako eta PPk babestutako "zuzendutako zuzenketa partzialari babesa ez ematera baldintzatu du Bilduren gobernuak enpleguaren aldeko akordioa", azaldu du Romerok "nahiz eta enpleguaren aldeko akordioa aurreratuta zegoen".
Zaborra enpleguaren aurretik jartzea egotzi dio bozeramaile sozialistak Bilduri. "Sozialistek Gipuzkoa berreskuratzeko lan egin nahi dugu lehenengo; ondoren, saiatuko gara hondakinen eta errepideen finantziazioaren inguruko eztabaidei irtenbidea
aurkitzen", esan du.
Hala ere, osoko zuzenketa "arduragatik" kentzea erabaki dutela azaldu du, "garrantzitsuena Gipuzkoa eta gipuzkoarrak direlako".
"Hala ere, akordioetara iristeko eskua luzatzen jarraitzen dugu", gaineratu du.