Ekonomia -
Elkarrizketa
LAB ez da Jaurlaritza berriarekin elkarrizketa mahaian eseriko
ELAren eta LABen arteko akordio eza errealitate bat dela onartu du Etxaidek "ez baitugu hainbat arlotan gertatzen ari denaren inguruko diagnosiarekin bat egiten", esan du.
Erredakzioa
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorrak baztertu egin du Jaurlaritza berriarekin elkarrizketa mahai batean esertzea, "euren politika erabakita dagoelako jada, eta soilik murrizketak negoziatu nahi dituelako".
Radio Euskadiko elkarrizketa batean, LAB aurreko Jaurlaritzarekin eseri ez zen bezala, egungoarekin ere ez duela egingo berretsi du, "EAJk murrizketen inguruko antzeko politika ekonomikoari eutsiko diolako".
Jaurlaritzak "murrizketak besterik egingo ez duten aurrekontuak" onartuko dituela uste du.
Hala ere, "beste eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko bidea egiteko LAB akordioetara iristeko prest" egongo dela esan du.
Murrizketen aurkako mobilizazioak egiten jarraituko dutela azaldu du, "Jaurlaritza aldatu den arren, berririk egon ez delako eta EAJk dagoeneko murrizketak iragarri dituelako, besteak beste, langile publikoak gutxitu nahi ditu", salatu du.
Bestalde, ELAren eta LABen artean "akordio eza errealitate bat" dela onartu du, "hainbat arlotan gertatzen ari denaren inguruko ikuspegi ezberdina dugulako".