Ekonomia -
Eustateko datuak
Euskadin ostatu hartu dutenen kopurua % 4,1 hazi da, azken urtean
Bestalde, orotara, bidaiariek gau gehiago igaro dituzte EAEko ostatuetan iazko azaroarekin alderatuta.
Euskadin ostatu hartu dutenen kopurua % 4,1 hazi da iazko azaroarekin alderatuta. Halaber, ostatu-gauen kopurua % 6 hazi da garai berean.
Aipaturiko datuak Eustat Estatistika Erakundeak egindako Establezimendu Turistikoen gaineko inkestan ikus daitezke.
Azaroan 1641.764 turista heldu ziren Euskadira, 2011ko azaroan baino 6.500 gehiago. Turisten igoera Gipuzkoan nabarmendu dute batez ere (% 8,1). Bizkaian % 2,9 igo da bisitarien kopurua, eta Araban bisitari galera izan dute (%0,2)
Bidaiarien jatorriari erreparatuta, % 9,1 igo da atzerritik datozenen kopurua, eta lurraldez lurralde, Araban % 22,4 igo dira, % 12,9 Gipuzkoan eta % 3,8 Bizkaian. Espainiatik datozenen kopurua ere hazi egin da, nahiz eta Araban espainiar jatorriko bezero gutxiago izan dituzten. Bestalde, Bizkaian eta Gipuzkoan bidaiari espainiarren kopurua hazi egin da, % 2,5 Bizkaian eta % 6,2 Gipuzkoan.
Urtebetean gaualdi kopurua hazi dela nabarmendu du Eustatek. Orotara, 303.038 gaualdi erregistratu ziren azaroan Euskadin, iazko azaroan baino 17.185 gehiago (% 6ko igoera). Hiru lurraldetan igo da gaualdien kopurua, % 7,4 Gipuzkoan, % 6,2 Bizkaian eta % 2,8 Araban.
Bestalde, hazi egin da baita ere bidaiarien batez besteko egonaldia iazko azaroko datuekin alderatuta. Araban batez besteko egonaldia 1,81 egunetik 1,86ra igo da, Bizkaian 1,76tik 1,82ra. Gipuzkoan bestalde, 1,86tik 1,85era igaro da.