Ekonomia -
Salmenten jaitsieraren beldur
Neguko merkealdia hemen da, beherapen handiekin
"Hasieran % 50eko beherapenak egingo ditugu, baina zenbait gaiek % 60 eta % 70eko deskontua izango dute", esan dute dendariek. Helburua BEZaren igoerak eragindako salmente jaitsierari aurre egitea da.
Erredakzioa
Astelehenean neguko ohiko merkealdia hasiko da, eta deskontu "handiekin" gainera, salmentetan aurreikusitako % 4ko jaitsierari aurre egiteko. BEZaren igoerak eta funtzionarioek Gabonetako ordainsaria ez jasotzeak ere eragin txarra izango dute.
Astelehena eta asteartea bitartean, denda gehienak beherapenak egingo dituzte, nahiz eta batzuek, % 40, urtarrilaren 2an hasi zituzten, lehen aldiz, Merkataritzaren Dinamizaziorako Legeari esker.
Aurtengo neguko beherapenen testuingurua ez da batere samurra, egoera ekonomikoaz gain irailean izandako BEZaren igoerak eta funtzionarioek abenduko aparteko ordainsaria jaso ez izanak ez baitie salmentei mesederik egingo.
"Irailetik jaitsiera handia nabaritu dugu, batez ere BEZaren igoerak izan duen eragin psikologikoagatik, errentak jaitsi egin direlako eta Gabonetako aparteko ordainsaria Gabonetan eta oparietan gastatzeko erabili ohi delako", esan du Borja Oria Arropa eta Osagarrietako Merkataritzako Elkarteko presidenteak.
% 70ko deskontuak
Ondorioz, denda askok deskontu handiak egingo dituzte, "Ziurrenik % 50eko deskontuekin hasiko gara, eta zenbait gaik % 60ko eta % 70eko deskontua ere izango dute", azaldu du Oriak.
Bestalde, kontsumitzaileen elkarteek beherapenetarako ohiko gomendioak ematen dituzte: erosi behar duguna benetan behar dugun ala ez pentsatzeko, eta kalitateari eta prezioari garrantzia ematea aurreztuko dugun dirtu kopuruaren gainetik.
85 euroko gastua, Euskadin
Euskal herritarrok 85 euro gastatuko ditugu, batezbeste, urtarrilean hasiko diren beherapenetan, Erabiltzaile-Kontsumitzaile Federazio Independienteak (FUCI) egindako galdeketaren arabera.
18 urte baino nagusiagoak diren 2.000 kontsumitzaileren artean egindako galdeketak neguko beherapenetan zenbat gastatuko den ikertzea izan du helburu, eta horren ondorioz espainiarren % 83ak gutxiago gastatuko duela ondorioztatu dute.