Ekonomia -

Barakaldo

Kaleratzeen eta 500 euroko soldaten aurkako protesta, Megaparken

Hainbat langilek elkarretaratzea egin dute Darty dendaren aurrean.

MegaParkeko langileek 'eguneroko kaleratzeak' salatu dituzte

0:52

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Megapark merkataritza-guneko hainbat langilek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Darty etxetresna elektrikoen dendaren aurrean, "eguneroko kaleratzeak" eta lan-baldintzen "etengabeko murrizketak" salatzeko. Izan ere, 1.200dik gora langilek "500 euroko baino txikiagoko" soldatak dituztela kritikatu dute.

Merkealdiaren hasierarekin batera, 30 pertsona inguruk elkarretaratzea egin dute Darty dendaren aurrean, Berri-Otxoa plataformak deituta. Izan ere, duela hilabete gutxi ireki bazuten ere, itxi egingo dute aurki.

Elena Manzanal ELAko ordezkariak ez daki zein den denda ixteko "benetako arrazoia", "lau hilabetean" "zaila" baita salmenta adierazlea kalkulatzea. Orotara, 20 pertsonak galduko dute lanpostua.

Berri-Otxoa plataformatik zehaztu dutenez, krisia hasi zenetik "100 pertsona" kaleratu dituzte Megaparken; horietako bost, azken bi hilabeteetan. Gainera, behin-behinekotasun tasa "% 30etik gorakoa" da, eta langileen % 44k astean 20 ordu baino gutxiago egiten dute lan.

Protestariek gogorarazi dutenez, Yelmo konpainia (zentroko zinema-aretoak kudeatzen dituena) enplegu erregulazio espediente bat negoziatzen ari da, eta "duela gutxi" kaleratzeak egin dituzte Leroy Merlin, Ikea eta Media Markt enpresetan.

"Barakaldok zabor enpleguak eta miseria sortzea eta denda txikiak ixtea dakartzaten merkataritza-guneak baino gehiago merezi du", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea