Ekonomia -
Elkarrizketa
EAEn manufaktura sustatzearen alde egin du Tapiak
Bestalde, Japoniako inbertitzaileak eta Jaurlaritzako ordezkariak Hiriko euskal kotxe elektrikoaren inguruan hitz egiteko bildu direla aurreratu du.
Arantza Tapia Garapen ekonomiko eta lehiakortasun sailburuaren apustua EAEn manufaktura sustatzea dela esan du Euskadi Irratiko elkarrizketa batean, tokiko ekonomiari eta ongizateari eusten laguntzen diolako.
"Zerbitzuak beharrean, gauzak fabrikatzea" suspertu nahi duela esan du, "horrek tokiko ekonomiari laguntzen diolako, lantegiak beste herrialde batzuetara eramatea defendatzen dutenen aurrean".
"Alemania edo AEBak erreferentzia gisa hartuta, manufaktura bertara bueltatzeko defendatzen dutela ikusi dugu", ziurtatu du.
Bestalde, Japonian Hiriko kotxearekin interesatuta daudela azpimarratu du. Joan den astean, Japoniako inbertitzaileak eta Jaurlaritzako ordezkariak euskal kotxe elektrikoaren inguruan hitz egiteko bildu direla azaldu du, eta, akordiorik lortuz gero, EAEko teknologia lehen aldiz Japoniara eramango dutela goraipatu du.
Azkenik, euskal enpresen finantziazioaren inguruan galdetuta, Confebaskek proposatutako kreditu funts berria aztertzen ari direla onartu du. Banketxeen kredituen alternatiba bezala, euskaldunen aurrezkiak erabiliko lituzke funtsak, baina oraindik "isilean lan egiteko unea da", adierazi du.