Ekonomia -
Salerosketa
Euskadin % 34,1 jaitsi da etxebizitzen salmenta, azaroan
Bizkaian % 42,5 jaitsi da salerosketa kopurua, Gipuzkoan % 37,7, eta Araban % 18,4.
Azaroan % 34,1 jaitsi da etxebizitzen salmenta Euskadin 2011ko azaroko datuekin alderatuta, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak astelehen honetan kaleratutako datuen arabera. Nafarroan bestalde, % 39,8 jaitsi da 2011ko azaroko datuekin alderatuta.
Euskadin 856 salerosketa egin ziren, eta eragiketa gehienak bigarren eskuko etxebizitzei zegozkien, 500 guztira, 2011ko azaroan baino % 18,6 gutxiago; eta gainerakoak, bigarren eskuko etxebizitzei, % 49,6 gutxiago.
EAEko hiru lurraldetan jaitsi da etxebizitzen salmenta. Bizkaian % 42,5 jaitsi da (339 eragiketa), Gipuzkoan % 37,7 (260 eragiketa), eta Araban % 18,4 (257 eragiketa).
Nafarroan 248 salerosketa eragiketa egin ziren, eta horietatik 122 etxebizitza berriak ziren eta 126 bigarren eskuko etxebizitzak.
Espainiako datuak
Azaroan % 6,1 jaitsi da etxebizitzen salmenta Espainian (25.655 eragiketa), 2011ko azaroko datuekin alderatuta. Honenbestez, higiezinen sektoreko adierazleak behera egin du, hiru hilabetez jarraian gora egin ostean.
Irailean saldutako etxebizitza horien % 89,5 merkatu libreko etxebizitzei zegozkien, eta % 10,5 babestutako etxebizitzei, eta, hurrenez hurren, % 3,5 eta % 24 egin dute behera salerosketa horiek.
Hala ere, 2012ko urriko datuekin alderatuta, % 1,6 egin du gora etxebizitzen salmentak.
17 hilabetez jarraian behera egin ostean, abuztuan gora egin zuen etxebizitzen salmentak, eta ondorengo bi hilabetetan ere gorako joerari eutsi zion.
Urte arteko datuei erreparatuta, etxebizitza berrien salmenta % 6,3 jaitsi da (12.611 eragiketa) eta bigarren eskuko etxebizitzena % 5,9 (13.044 eragiketa).