Ekonomia -
2013ko Aurrekontuak
Iruzur fiskalaren aurkako planik ezean UPyDk ez ditu kontuak babestuko
EAJ eta PP akordiora iritsiz gero, UPyDk Legebiltzarrean duen eserleku bakarra erabakigarria izan liteke.
Erredakzioa
EAEko 2013ko aurrekontuak babesteko UPyDren baldintzetako bat iruzur fiskalaren aurkako plan bateratu bat eratzea dela azaldu du Gorka Maneiro legebiltzarkideak.
Gasteizko Ganberan legez besteko proposamen bat erregistratu du osoko bilkuran eztabaidatzeko, eta bertan, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren baitan, hiru lurraldeetan iruzur fiskalaren aurka egiteko plana sustatzea eskatzen dio Jaurlaritzari.
Maneiroren eserleku bakarra erabakigarria izan daiteke; izan ere, EAJ eta PP aurrekontuak onartzeko akordio batera iritsiko balira, boto bakar baten faltan geldituko lirateke.
UPyDko legebiltzarkideak argitu du ez duela "txeke zuririk" emango euren babesa lortzeko eta iruzur fiskalaren aurkako plana "ezinbesteko baldintza" dela azpimarratu du.
Hala ere, egun, UPyDren aldeko botoa lortzea "zaila" dela zehaztu du, nahiz eta EAJrekin hitz egiteko prest dagoela nabarmendu duen, eta murrizketa sozialik gabeko aurrekontuak defendatu du.
Aurreko legegintzaldian, EAJk eta PPk, zergen eskumenak aldundiek dituztela argudiatuta, iruzurraren aurkako plana errefusatu zutela ekarri du gogora. Baina orain, Legebiltzarreko alderdi politikoen harremanak aldatu egin direla uste du, eta auzi askotarako , besteak beste, aurrekontuak onartzeko, UPyDren botoa "giltzarri" izan daitekeela esan du.
Hori dela eta, EAJk eta PPk ekimena babestea espero du eta hainbat ikerketa aipatuz, urtero EAEn 2.500 milioi euro iruzurtzen direla esan du.