Ekonomia -
Sienako bankua
Monte dei Paschi bankuko komunikazio arduradunak bere burua hil du
Ikerketa ireki dute, 2006 eta 2009 bitartean erakundeak operazio arriskutsuak egin zituen argitzeko.
Erredakzioa
David Rossi Monte dei Paschi di Siena banku italiarraren komunikazio arduradunak bere burua hil zuen atzo. Erakundeak Sienan duen egoitzako bulegotik bulegotik behera bota zuen bere burua eta egoitzaren barne-patioan erori zen. Italiako hedabideen arabera, "erokeria bat egin dut" utzi du nota batean idatzita.
Rossik 51 urte zituen, eta duela hamaika egun miaketa egin zioten, 2006 eta 2009 bitartean erakundeak operazio arriskutsuak egin zituen argitzeko ikerketaren harira.
Erakundearen ikerketaren harira, otsailaren 19an Italiako Finantza Poliziak Giuseppe Mussari presidente ohiaren eta Antonio Vigni zuzendari ohiaren etxebizitzak arakatu zituen. Egun horretan ere, poliziek Rossiren etxebizitza eta bulegoa miatu zituzten, nahiz eta hau inputatuta ez egon.
Otsail hasieran, Monte dei Paschi di Siena bankuak, Italiako hirugarren finantza erakunderik garrantzitsuenak, Administrazio Kontseiluaren bileraren ostean, onartu egin zuen hiru produkturekin egindako operazioetan 730 milioi euroko galerak izan zituztela.
Sei orduko bilera baten ostean, bankuak produktu eratorrien transakzioak eginez pilatutako galerak aurkeztu zituen: Nota Italia produktuak (J.P. Morgan bankuarekin egin zuten, 2006an) 151 milioi euroko galerak eragin zizkion; Santorinik (Deutsche Bankekin egin zuten, 2008an), 305 milioi eurokoak; eta Alexandriak (Nomura banku japoniarrarekin egin zuten, 2009an), 273 milioikoak.
Monte dei Paschi di Siena bankuaren buruzagi ohiek egindako operazio horien eskandalua duela aste batzuk hasi zen, Italiako Gobernuak erakundearentzat 3.900 milioi euroko diru-laguntza onartu zuenean.
Galera horiek bankuak metatuta dituenei gehituko zaizkie, eta 2012ko ekitaldian kontabilizatuko dituzte. Hala, erakundeak 2.000 milioi euroko defizita aitortuko duela uste da.
Italiako Justizia bankuaren administratzaile ohiak ikertzen ari da, 2007an Santander Bankuari Antonveneta 9.000 milioi euroren truke erosteagatik. Izan ere, espainiar entitateak produktu hori 6.000 milioi eurotan eskuratu zuen bi hilabete lehenago.
Bestalde, Monte dei Paschi di Sienako buruzagi batzuen ustezko elkartze kriminalaren harira egindako ikerketa batean, Italiako Poliziak fiskalak 40 milioi eurotan baloratutako tituluak konfiskatu zituen; eta horrek banku italiarrari iruzurra egitea eragin zuen.