Ekonomia -

Euskal Goi-bilera soziala

Ustelkeria eta murrizketen aurka protesta egin dute ehunka pertsonek

Hiru manifestaldi Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleetan barrena ibili dira langabeziaren aurka protesta egiteko eta demokrazia parte-hartzaileago bat eskatzeko.

Unai Sordo eta Damaso Casado Bilboko manifestaldian. EFE
Unai Sordo eta Damaso Casado Bilboko manifestaldian. EFE
Enpleguaren eta hazkunde ekonomikoaren alde protesta egin dute

0:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonek manifestaldia egin dute arratsaldean, Bilboko kaleetan, langabeziaren, murrizketen eta ustelkeria kasuen aurka protesta egiteko, eta demokrazia parte-hartzaileago bat eskatzeko.

Manifestaldiak EAEko hiru hiriburuetan deitu ditu Euskal Goi-bilera Sozialak. Goi-bilera 20 bat sindikatuk eta beste kolektibo batzuek osatzen dute. Horrela, protestak Gasteizen eta Donostian errepikatu dira.

Hiru manifestaldiak 19:00etan hasi dira. Bilboko protesta Kale Nagusian hasi eta udaletxean bukatu da; Gasteizen, Andre Maria Zuritik Correos plazara joan da; eta Donostian, Alderdi Ederren hasi eta amaitu da.

"Enpleguaren eta demokraziaren birsorkuntzaren alde" lelopean, Bilbon, manifestariak Jesusen Bihotzetik abiatu dira.

CCOO, UGT eta USO sindikatuetako ordezkariek manifestaldian parte hartu dute, eta baita Bakeaz, Union Progresista de Fiscales eta Adicae kolektiboetako kideek ere.

Sordo eta Casado

Unai Sordo eta Damaso Casado  CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiek salatu dutenez, Euskadiko eta Estatuko arazo larrien aurka protesta egiteko "kalera atera" dira. Langabezia, murrizketak eta politikarien ustelkeria salatu dituzte.

"Demokrazia garbitzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu, ustezko ustelkeria auzi guztiak argitu behar dira, erakundeek sinesgarritasuna berreskuratzeko. Erakundeak gehiengo sozialaren aginduetara jartzea beharrezkoa da", erantsi du Sordok.

Iñigo Urkulluren Gobernua Mariano Rajoyren Exekutiboak martxan jarritako neurri batzuk "kopiatzen" ari dela kritikatu du Casadok.

Egoera ekonomikoaren aurrean "haserrea" adierazteko protestak Europako hiri nagusietan egin dituztela azpimarratu du UGTko idazkari nagusiak.

"Diktaduraren ostean lortutako guztia kentzen ari dira", esan du Casadok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea