Ekonomia -
Telekomunikazioak
Fernando Ojeda, Euskalteleko zuzendari nagusi berria
Halaber, Alfonso Basagoiti, Jose Angel Corres eta Bridget Cosgrave Euskalteleko kontseilari izendatu dituzte Administrazio Kontseiluan.
Erredakzioa
Euskaltelen Administrazio Kontseiluak Fernando Ojeda izendatu du zuzendari nagusi berri. Halaber, Alfonso Basagoiti, Jose Angel Corres eta Bridget Cosgrave kontseilari izendatu dituzte, enpresak astearte honetan egin duen Administrazio Kontseiluan.
Trilantic eta Investindustrial kapital sozialean sartu ondoreneko konpainiaren erabaki-organoak zuzenduko dituen lantaldea osatzen amaitu du telekomunikazioetako euskal operadoreak.
Hala, Fernando Ojeda Gonzalez-Posada konpainiaren zuzendari nagusi izendatzea onartu du Administrazio Kontseiluak, eta hiru kide berri sartu dira Administrazio Kontseiluan: Alfonso Basagoiti, Jose Angel Corres eta Bridget Cosgrave. Hiru horiek osatuko dute kontseilua aurrerantzean, Alberto Garcia Erauzkin (presidentea), Richard Alden (presidenteordea), Alicia Vivanco, Javier Bañon eta John Mowinckel aholkulariekin batera.
Fernando Ojeda Enpresa Zientzietan tituluduna da, eta Bartzelonako Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzako Goi Eskolako Enpresa Administrazioko masterra eta New Orleansko Southwestern Universityko Enpresak Kudeatzeko Nazioarteko masterra egin ditu. Ojedak Espainian, Portugalen, Italian, Brasilen eta Beneluxen egin du lan, eta bere ibilbide profesionalean, hainbat ardura izan ditu: besteak beste, ONO taldeko zuzendari nagusia, Dhalia Television etxeko kontseilari delegatua eta Universal Pictures enpresako zuzendari nagusia izan da.