Ekonomia -
Nafarroa
Funtzionarioek ez dute aparteko ordainsariaren aurrerapena itzuliko
Nafarroako 25.000 langile publikoek ez dute urtarrilean kobratutako dirua itzuli beharko; izan ere, foru legeari helegitea aurkezteko epea agortu du Espainiako Gobernuak.
Erredakzioa
Nafarroako 25.000 langile publikoek ez dute urtarrilean kobratutako dirua itzuli beharko; izan ere, foru legeari helegitea aurkezteko hiru hilabeteko epea agortu du Espainiako Gobernuak, Nafarroako Udalerrien Federakundeak jakitera eman duenez. Ekaineko aparteko ordainsariaren aurrerapena urtarrilean jaso zuten funtzionario nafarrek.
2013, 2014 eta 2015eko aparteko ordainsariak urtarrilera eta ekainera aurreratzea onartu zuen Nafarroako Gobernuak, 2012ko Gabonetako ordainsaria kentzeak eragindako kaltea arintzeko helburuarekin.
Hasiera batean Espainiako Gobernuko ordezkariek gaia auzitara eramateko borondatea azaldu zuten, baina Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkezteko hiru hilabeteko epea amaitu zen apirilaren 3an. Exekutiboak ez du helegiterik aurkeztu.
Horrela, aurten eta datozen bi urteetan ordainsariak aurreratzeko bidea libre du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Udalerrien Federakundeak jakinarazi duenez.