Ekonomia -
Aurrekontuak
PSEk ez du EAJrekin zuzenketa partzialik negoziatuko
Sozialisten babesa izateko diru-sarreren kontuak berriz ateratzeko eskatu die Pastorrek jeltzaleei. "Miserien aurrekontu bat ez dugu negoziatuko", adierazi du PSEko bozeramaileak.
Erredakzioa
Sozialistek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan zuzenketa partzialik negoziatuko ez dutela adierazi du gaur Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak, "miseriak banatzea" izango litzatekelako. Sozialisten babesa lortzeko diru-sarreren kontuak berriz ateratzeko eskatu die Pastorrek jeltzaleei.
Ricardo Gatzagaetxebarria Hazienda sailburuarekin ordu erdiko bilera "adeitsua" izan duela azaldu du Pastorrek prentsaurrekoan, Gasteizen. Jaurlaritza oposizioarekin bigarren bilera-sorta egiten ari da, 2013ko aurrekontuak onartzeko babesen bila.
"Partida konkretuak" negoziatzeko sailburuaren eskaintza baztertu du PSEko bozeramaileak, "ezer konpontzen ez duen adabakia delako". Aurrekontu "itxiak" aurkezteagatik Exekutiboa gogor kritikatu du Pastorrek, "diru-sarreren partida eskasa" dutelako.
"Miserien aurrekontu bat ez dugu negoziatuko, kromoen elkartrukeak herrialdeko arazoak konponduko ez dituelako", esan du.
Pilota Exekutiboaren teilatuan dagoela ziurtatu du Pastorrek, aurrekontu berri bat aurkezteko "denbora" duelako. Apirilaren 19an zuzenketak aurkezteko epea amaitzen da. Diru-sarreren inguruan beste planteamendu bat ez badago sozialistek osoko zuzenketa matenduko dutela ohartarazi du Pastorrek.
Exekutiboak beste talde batzuen babesa lortzen badu, zuzenketa partzialak aurkeztuko dituzten sozialistek ez dute erabaki oraindik. Hala ere, jeltzaleek beste alderdi batekin akordioa lortzea zail ikusten du Pastorrek.
"Negoziazio-itxura" egin dute
PSEko bozeramailearen hitzetan, Jaurlaritzak "negoziazio faltsu" bat "antzeztu" du eta aurrekontuen luzapenaren aldeko apustua aldez aurretik egin du.
Pastorren ahotan, "negoziazio-itxura aurrekontuak ez onartzearen ardura eta erantzukizuna gainerako alderdiei egotziz lagundu du" Jaurlaritzak, "baina tranpa baldarregia zen bertan norbait erortzeko". Erantzukizuna "bakarrik EAJrena" dela azpimarratu du bozeramaile sozialistak.