Ekonomia -
Aurrekontuak 2013
Maiatza arteko datuak oinarri hartuta akordioa proposatu du Urkulluk
EH Bilduk eta PSE-EEk Aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketek ''itsutzen''ez dutela esan du lehendakariak, eta akordioak lortzeko lanean jarraituko duela berretsi du.
Erredakzioa
Egoera ekonomikoa 2013ko lehen bost hilabeteetako datu errealetan oinarrituta aztertzea proposatu die Iñigo Urkullu lehendakariak gainerako alderdiei, ''egoki diren formulak aurkitu eta adostasunean oinarrituz zer egin behar den erabakitzeko''.
Donostian egin du proposamena lehendakariak, Elkargik antolatutako enpresa jardunaldi batean. Ekitaldi horretan, urteko lehen hilabeteetako diru-sarrerak atzo bertan jakin zituela azaldu lehendakariak, eta, sarrera horiek 2012koak baino baxuagoak eta urrian Euskal Finantzen Kontseiluak egindako aurreikuspenak baino txarragoak direla plazaratu du Urkulluk. Zehazki, diru-sarreran beherakada %5ekoa izan dela jakitera eman dute Jaurlaritzako iturriek.
"Lehen bost hilabeteotako datuak eskuan ditugula, egoera aztertu eta irtenbidea bilatzea proposatu nahi dut, adostasunean oinarrituta. Adosten dena errespetatzeko konpromisoa hartuko dut'', gaineratu du.
Horrek ez du esan nahi, Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, Aurrekontuak onartzeko epeak atzeratuko direnik. Lehendakariaren hitzetan, Kontuak atzera botatzea ''errealitateari uko egitea da''.
Osoko zuzenketak
EH Bilduk eta PSE-EEk Aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketek ''itsutzen''ez dutela esan du lehendakariak, eta akordioak lortzeko lanean jarraituko duela berretsi du.
Urkulluren ustez, ''motzean izkin egiteko joko'' bati erantzuten dio jarrera horrek, eta Aurrekontuak onartzeko gainerako alderdiei erantzukizunez aritzea eskatu die.
Jaurlaritzak ahal duena baino zor handiagoa hartuko ez duela berretsi du lehendakariak.