Ekonomia -
Maiatzak 30, greba orokorra
Damborenea: 'Hainbat sindikatu aspalditik iparra galduta daude'
PPko legebiltzarkidearen esanetan, datorren maiatzaren 30era deitu duten greba orokorra "Eusko Jaurlaritzaren aurkako greba politikoa da".
Erredakzioa
Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak esan duenez, hainbat sindikatuk datorren maiatzaren 30era deitu duten greba orokorra "Eusko Jaurlaritzaren aurkako greba politikoa da". Damborenearen esanetan, grebak ez duela ezer ekartzen, "guztiz kontrakoa".
Radio Euskadiri eskainitako adierazpenetan Damboreneak salatu duenez, "hainbat sindikatu aspalditik iparra galduta daude". "Eusko Jaurlaritzaren kontrako greba politikoa da, eta ez du ezer ona ekarriko, guztiz kontrakoa baizik", deitoratu du.
Greba orokorra
Gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT) greba orokorra deitu du Hego Euskal Herrian, maiatzaren 30erako. Horren harira egin ditu Damboreneak adierazpen horiek.
Adolfo Muñoz eta Ainoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak deialdiaren kartelarekin azaldu dira ostiral honetan prentsaurrekoan. Greba orokorra "Eskubide sozial eta laboral duinak. Euskal Herria eredu propio baten alde" lelopean egingo dute.
Halaber, adierazpen bateratua irakurri dute. Lanuztea defendatu dute, "beharrezkoa, ezinbestekoa delako, nahikoa da! esateko, gobernu ezberdinetatik datozen gure eskubideen kontrako erasoen aurrean".