Ekonomia -

2013. urterako aurrekontuak

Urkulluren Gobernuak porrot egin duela uste du oposizioak

EH Bildu, PSE, PP eta UPyDren iritzian, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontu proiektu berria egitea erabakitzen badu, Urkullu lehendakariaren "lehen porrot politikoa" agerian geratuko da.

Jose Antonio Pastor (PSE), Legebiltzarrean egindako agerraldian. EFE
Jose Antonio Pastor (PSE), Legebiltzarrean egindako agerraldian. EFE
Oposizioko alderdiek ahulezia agerian geratu dela azpimarratu dute

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu: "Eusko Jaurlaritzaren porrota agerian geratu da"

EH Bilduk uste du Eusko Jaurlaritzak bere Aurrekontu proiektua atzera botatzen badu "herritarren beharrizanei konponbide kolektibo bat emateko eginkizunean kale egin" duela agerian geratuko dela.

Era berean, egitasmoa erretiratuz gero, "eztabaidari berriro heltzeko aukera" dagoela azpimarratu du Oskar Matutek. "Pertsonak baztertzen dituen eredu sozioekonomikoa aldatzea proposatu behar du EAJk", zehaztu du.

"Urkulluren Gobernuak bi aukera ditu: Troikak, Bruselak eta merkatuek markatzen duten ereduaren alde egitea edo herritarrek euren eskubide sozialak babesteko aldarrikatzen duten eredua ezartzea", nabarmendu du EH Bilduko legebiltzarkideak.

Horrez gain, Matutek gogora ekarri ditu EH Bilduk jasan izan dituen kritikak, defizitaren muga handitzea, Abiadura Handiko Trenaren egitasmori zuzendutako dirua kentzea edo iruzur fiskalari aurre eginez diru-bilketa handitzea proposatu zutenean. "Utopikotzat jo gintuzten orduan eta orain badirudi errealitate hori ez dagoela horren urrun", gaineratu du.

PSE: "Urkulluren Gobernua noraezean dago"

Jose Antonio Pastorren iritzian, Jaurlaritzak bihar bere Aurrekontu proiektua erretiratzen badu, "noraezean dagoela erakutsiko du eta lehendakariaren lehen porrot politikoa izango da".

PSEko legebiltzarkideak esan du "herritarrei denbora galarazteko espezialista" bilakatzen ari dela Urkullu eta gogora ekarri du EAJren presidente zenean erreforma fiskalari heldu izan balio, Aurrekontuetako diru-sarreren atala hobea izango litzatekeela.

Aurrekontuak aurrera ateratzeko babes nahikorik lortu ez izana lehendakariaren erantzukizuna dela adierazi du. "Azkeneko egunetan negoziazio baterako itxurak egin dituzte, baina hasieratik iazko Aurrekontuak luzatzeko asmoa izan dute", salatu du.

Nolanahi ere, Jaurlaritzak bere proiektua atzera botatzen badu eta 2012ko Aurrekontuak luzatzen badira, "drama ekonomikorik" izango ez dela ziurtatu du.

Horrez gain, egoera zein den ikusita, 2014ko Aurrekontuak prestatzen hasteko lanari ekiteko dei egin dio Urkulluri.

PP: "Argi geratu da itxurak egiten aritu direla"

Anton Damborenea PPko legebiltzarkidearen aburuz, Jaurlaritzak bere Aurrekontuak atzera botatzen baditu, "iazko Aurrekontuak luzatzeko asmoa" dutela eta orain arte "itxurak egiten" aritu direla esan nahiko du.

Damboreneak gogoratu du asteartean Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuarekin izan zuten bileran, honek Aurrekontuak erretiratzeko aukera baztertu ez zutela jakinarazi ziela.

"Hori gertatzen bada eta Alderdi Popularrak ezarritako baldintzei Jaurlaritzak erantzunik ematen ez badie, duela hilabete eta erdi esan genuena egia zela frogatuko da, hots, iazko Aurrekontuak luzatzeko helburua zutela eta itxurak egiten aritu direla, erantzukizuna oposizioari leporatzeko", azaldu du.

Hala eta guztiz ere, berretsi egin du bere alderdia Aurrekontuak negoziatzeko prest dagoela, egitasmoa aurrera ateratzeko PPren babesa soilik nahikoa ez bada ere.

UPyD: "EAJ ez da konturatu gutxiengoan dagoela"

Gorka Maneirok esan du Iñigo Urkullu lehendakariak ez duela balentriarik izan bere proiektua Legebiltzarrean babesteko.

"Badirudi EAJ oraindik ez dela ohartu Euskadi ez dela EAJ, gutxiengoan dagoela eta babes nahikorik ez duela", azpimarratu du.

Maneiroren hitzetan, UPyDren jarrerari esker saihestu ahal izan da "herritarrentzako kaltegarria den egitasmo bat onartzea".

Alderdi Popularra eta EAJ "historiako Aurrekontu proiektu murriztaileena onartzeko gogoarekin geratu dira; izan ere, PP desiratzen dago murrizketaz beteta dagoen proiektua onartzeko eta horrela Rajoyren neurriak justifikatzeko", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea