Ekonomia -

2013rako Aurrekontak

EH Bildu: 'Arazoa ez da Aurrekontuak luzatzea, EAJren politika baizik'

Juanjo Agirrezabalaren ustez, 2013rako Aurrekontuen proiektua atzera botatzeak "argi utzi du Eusko Jaurlaritza nora ezean dabilela, eta ez dakiela krisiari nola aurre egin".

Juanjo Agirrezabala EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: EFE
Juanjo Agirrezabala EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: EFE
Juanjo Agirrezabala EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juanjo Agirrezabala EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi duenez, 2013rako Aurrekontuen proiektua atzera botatzeak "argi utzi du Eusko Jaurlaritza nora ezean dabilela, eta ez dakiela krisiari nola aurre egin". "Arazoa ez da Aurrekontuak luzatzea", esan du Agirrezabalak, "EAJren politika eta krisiaren ereduarekin apurtzeko ezezkoa baizik".

Donostian kazetariei eskainitako adierazpenetan Eusko Legebuiltzarreko mahaiaren presidenteordeak salatu duenez, "alderdi jeltzaleak ez du lortu gainerako alderdi politikoen babesa, eta ez du horretarako ahaleginik egin".

"Defizitaren muga handitzearen alde egin du lehen unetik EH Bilduk, baina errealitatetik at bizi dugula leporatu digute. Orain bidea hori dela aitortu du Urkulluk berak", azpimarratu du.

"Eusko Jaurlaritzak erantzukizuna bere gain hartu behar du, ez da bidezkoa Aurrekontuak atzera botatzearena gainerakoen ardura dela esatea", esan du Agirrezabalak. "Gobernatzeko gai ez dela agerian utzi du lehendakariak", nabarmendu du.

Halaber, EH Bildu "hitz egiteko, negoziatzeko eta akordioak lotzeko prest" dagoela esan du legebiltzarkideak. Hala ere, "onartezina da akordio horiek Jaurlaritzak ezarri nahi duen ereduan oinarritzea, guk beste eredu sozioekonomiko baten alde egiten dugulako", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea