Ekonomia -
Enrico Lettarekin bildu ostean
Murrizketak eta hazkundea osagarriak direla esan du Merkelek
Alemaniako kantzilerraren hitzetan, "zerga sistema finkatzea" eta "hazkundea" funtsezkoak dira "lehiakortasuna" hobetzeko eta lanpostuak sortzeko.
Erredakzioa
Murrizketak eta hazkunde ekonomikoa kontrako estrategiak ez direla adierazi du gaur Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, Europak bizi duen krisiaren aurka borroka egiteko "osagarriak" baizik.
Enrico Letta Italiako lehen ministro berriarekin prentsaurreko bateratua eman du Merkelek. Alemaniako agintariaren ahotan, "zerga sistema finkatzea" eta "hazkundea" oinarrizkoak dira "lehiakortasuna" hobetzeko eta lanpostuak sortzeko.
Euroguneko herrialde guztiei "lan egiteko" deia egin die Merkelek. Azken hilabeteetan "Italiak erreformen eta murrizketen ibilbidearen zati handi bat" bete duela onartu du kantzilerrak.
"Europa krisitik indartsuago atera behar da", ziurtatu du Merkelek.
Italia
Bestalde, Italiako Gobernuaren konpromisoa azpimarratu du Lettak kantzilerraren aurrean. "Kontu publikoak onbideratzen jarraitzeko" konpromisoa berretsi dute Italiako Parlamentuak eta Senatuak. Era berean, Italiak azken hilabeteetan emandako aurrerapausoak goraipatu ditu Lettak.
Zentzu horretan, defizita murrizteko konpromisoak matentzea eskatu dio Europako Batzordeak Italiako Gobernu berriari. Hazkundea bultzatzeko neurriek Bruselarekin adostutakoa errespetatzea eskatu dio.
"Gobernu berriak aurtengo helburu guztiak beteko ditu, konfiantza osoa dugu, eta Europaren helburuak errespetatzeko konpromiso irmoa dutela garbi esan dute", adierazi du Simmon O'Connor Europako Batzordearen Moneta Gaietarako bozeramaileak.