Ekonomia -

Zerga politika

Iruzur fiskalari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu Gipuzkoak

Foru lege aurreproiektua egingo du Diputazioak, eta gainera hitzarmen proposamen bat egingo die gainerako aldundiei.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Argazkia: EiTB
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak iruzur fiskalari aurre egiteko neurri gehiago hartuko ditu, hala nola, foru lege aurreproiektu bat egingo du, eta hamar langile berri kontratatuko ditu, lan eskaintza publiko bidez.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Helena Franco Ogasun diputatuak prentsaurrekoa eskaini dute Donostian, neurri horien berri emateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen proposamena egingo die gainerako aldundiei, zergen inguruko informazio trukaketa "hobea" eta "azkarragoa" izan dadin. Garitanok azaldu duenez, proposamenari azken ukituak ematen ari dira. Helena Francoren hitzetan, Bilduren Gobernuak beti agertu du informazio trukaketa hori egiteko borondatea, baina beharrezkoa da borondate horri "proposamen" itxura ematea.

Lan eskaintza publikoaren gaineko xehetasunak ere eman dituzte. Hala, 10 lanpostu sortuko dituzte: bost ikuskaritzan eta beste bost kudeaketa eta diru-bilketa alorretan.

Foru lege aurreproiektuaz ez dute xehetasun gehiegirik eman nahi izan, eta arauetan hainbat aldaketa egingo dituztela adierazi dute.

Egiaztapen plan bat ere jarriko dute abian, eta irregulartasunak antzeman dituzten guneetan jarriko dute arreta. Hala ere, ez dute egitasmoaren gaineko xehetasunik eman.

Gipuzkoak 2011n baino 90 milioi euro gehiago azaleratu zituen 2012an, eta ondorengo urteetan zenbateko hori handiagoa izango dela uste du Garitanok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Gipuzkoa Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak Zergak gaur