Ekonomia -
-Arrantza akordioa
Euskal atunontziek Indiako ozeanoan arrantzatuko dute, beste sei urtez
Europar Batasunak eta Seychelle uharteetako gobernuak akordioa sinatu dute gaur. Atunetarako inguraketa-ontzientzako 40 lizentzia eta tretzaontzientzako 6 baimen banatuko dituzte.
Erredakzioa
Aurrerantzean ere Indiako ozeanoan arrantzatzen jarraitu ahal izango dute euskal atunontziek. Europar Batasunak eta Seychelle uharteetako gobernuak beste sei urtez luzatu dute gaur arrantza akordioa.
Hitzarmenaren arabera, atunetarako inguraketa-ontzientzako 40 lizentzia banatuko dituzte, eta, gehienez, 22 izango dira bandera espainiarreko ontziak. Denera, 50.000 tona harrapatu ahal izango dituzte. Bestalde, atunetarako tretzaontzientzako 6 baimen banatuko dituzte.
2014an sartuko da indarrean hitzarmena, eta sei urteko iraupena izango du. Trukean 30 milioi euroko inbertsioa egingo du Europar Batasunak Seychelle uharteetan, portuetako azpiegiturak hobetzeko.
Seychelle uharteetako Victoria portuan lehorreratzen dira euskal atunontzi gehienak, eta portu horretan deskargatzen dute inguruan harrapatzen den atunaren % 90.