Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Ortuzar: 'Maiatzaren 30eko greba egunak ez du ezertarako balioko'
Buruzagi jeltzalearen arabera, 'alferrikako greba izango da, hurrengo egunean arazo berak izango ditugu eta'.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi duenez, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT) maiatzaren 30erako Hego Euskal Herrian deituriko greba orokorrak "ez du inolako baliorik izango", eta ELAri eta LABi Eusko Jaurlaritzaren kontrako jarrera izatea egotzi die.
Europa Press albiste agentziari elkarrizketa eskaini dio, eta adierazi du greba egitea "alferrikakoa" izango dela: "Hurrengo egunean langabetu kopurua berdina izango da, kinka larrian dauden enpresen egoera ez da hobetuko, eta herritarrek diru-laguntzen beharra izaten jarraituko dute".
Horren ustez, sindikatuek ere hausnarketa bera egiten dute. "Orduan zein da greba deialdi horren helburua? Argi dago ez dela herritarren egoera hobetzea", gaineratu du.
Ortuzarren iritziz, ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzaren kontra egin nahi diote, eta horregatik deitu dute greba orokorrerako deialdia. Gaineratu duenez, krisi ekonomikotik irteteko egokia den bidea albo batera utzi dute bi sindikatu horiek.
ELA izan du hizpide, eta jeltzaleak esan du ez duela ezustean harrapatu sindikatuaren jarrerak, "azken urteetan deitzen duten zortzigarren greba orokorra da eta". "Ez da desengainu bat izan, ELAk aspaldi utzi zion agente sindikala izateari. Orain agente politiko-sindikala izan nahi du, hauteskundeetan parte hartu gabe.
Langile publikoen protestak
Ortuzarrek atzo EAEko hiru hiriburuetan egin ziren manifestazioak ere izan ditu hizpide. Milaka funtzionario eta Jaurlaritzako langile kalera atera ziren sektore publikoko murrizketen aurka protesta egiteko, batez ere funtzionarioen lanorduak gehitzeko Urkulluren Jaurlaritzak egindako dekretua salatzeko.
Funtzionario gehienek badakite egoera zaila dela eta "guztiok estutu behar dugula gerrikoa", Ortuzarren arabera. Horren ustez, sindikatuek langile publikoak "bahitu" dituzte, Jaurlaritzari negoziazio mahaian esertzera bultzatzeko.
"Langile publiko askok onartzen dute Jaurlaritzaren jarrera Espainiako gobernuarena baino irekiagoa dela", gaineratu du.