Ekonomia -
13tik 8ra
Nafarroak sozietate publikoak murriztu ditu 15 milioi aurrezteko
Neurria 2013an eta 2014an zehar garatuko dutela azaldu du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak.
Erredakzioa
Sozietate publikoak 13tik 8ra murriztea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Neurriak 83 milioi euro aurrezteko aukera emango du, urtero 15 milioi.
Neurria 2013an eta 2014an zehar garatuko dutela esan du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak prentsaurrekoan. Barcinaren hitzetan, azken urteetako norabidean hartutako beste pauso bat baino ez da; izan ere, 2011ko 38 sozietateak 13tan utzi dituzte erabakiek.
Azken urteetan sozietate mota hauetan gehien murriztu duen erkidegoa izan da Nafarroa, Barcinak azaldu duenez. Horrela, 2010ean baino % 79 gutxiago dira. Enpresetako kontseilariak, gerenteak eta soldatak nabarmen murriztu dituzte, erantsi duenez.
Sektore Publikoa Berrantolatzeko II. Egitasmoa martxan jartzea erabaki zuten, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko (CPEN) sozietateek 2013an 26 milioi euroko galerak izango zituztela aurreikusita.
Bost ardatz
Planak ekintzarako bost ardatz ditu: egituren murrizketa; kostu operatiboen murrizketa; higiezinetako aktiboen salmenta; enpresetako zorraren murrizketa eta zuzendaritzen berrantolaketa.
Sektore publikoko enpresen zorra 290 milioi eurokoa dela ohartarazi du Barcinak, baina aurten beste 26 milioi gehitu behar zaizkiola gaineratu du. "Egoera bideratzeko plan bat beharrezkoa egiten duten funtsezko arrazoiak horiexek dira", esan du Nafarroako presidenteak.