Ekonomia -
Eustat
Turista kopurua % 14 jaitsi da apirilean, EAEn
Arabak jasan du beherakadarik handiena: % 23,5 jaitsi da turista kopurua bertan.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritza-establezimenduetan ostatu hartu duten bidaiarien kopurua % 14,1 jaitsi da apirilean. Turista kopurua gehien jaitsi den lurraldea Araba izan da, % 23,5 egin du behera.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak kaleratu duenez, 2013ko apirilean 168.115 bidaiarik hartu zuten ostatu EAEn, aurreko urteko hilabete berean baino 27.564 gutxiagok.
Datuak lurraldeka aztertuta, Araban % 23,5 jaitsi ziren bidaiarien sarrerak, Bizkaian % 15,7 eta Gipuzkoan % 7,8.
Halaber, Estatutik etorritako bidaiarien sarreretan %20,2ko jaitsiera izan da 2012ko apirilaren aldean, eta atzerritik etorritakoenetan askoz txikiagoa, %1,1. Estatutik etorritako bidaiarien kopurua jaitsi egin zen hiru lurraldeetan: Gipuzkoan %18,1, Bizkaian %18,4 eta Araban %29,3.
Gaualdiei dagokienez, 2013ko apirilean 305.138 gaualdi egin dituzte turistek, iazko apirilean baino 69.143 (% 18,5) gutxiago. Gaualdiak hiru lurraldetan gutxitu dira urtebetean, % 11,9 Gipuzkoan, % 20,1 Bizkaian eta % 28,7 Araban.