Ekonomia -
Bizkaiko patronala
Iñaki Garcinuño, Cebekeko presidente berria
Jose Maria Vazquez Eguskizaren lekukoa hartu du. 20 urtez egon da Eguskiza Bizkaiko patronaleko presidente gisa.
Erredakzioa
Bizkaiko patronalaren batzarrak ''gehiengo handi batekin'' aukeratu du Iñaki Garcinuño Cebekeko presidente berri. 20 urtez Bizkaiko patronalaren buru izan den Jose Maria Vazquez Eguskizaren lekukoa hartu du Garcinuñok, hautagaitza bakarra izan ere gero.
Kargua hartutakoan, ''eskerrak'' eman dizkie Cebekeko kideei jasotako babesagatik, eta ibilbide berria ''lasai'' abiatu duela adierazi du. Vazquez Eguskizari eskerrak emateko hitzak ere izan ditu presidente berriak, eta aurreko presidentearen ''gardentasuna eta zintzotasuna'' azpimarratu ditu.
Aurretik dituen erronkei dagokienez, uztailaren 7ko ''amildegia'' aipatu du Garcinuñok, sindikatuekin akordioa lortzen ez badute lurraldeko lan-hitzarmen asko bertan behera geratuko direlako.
Iñaki Garcinuño, familia-enpresan hazitako enpresaria
Iñaki Garcinuñok 41 urte ditu, ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Zuzenbidean lizentziatua da (Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen), ekonomia arloan espezializatua.
Banco de Vasconian hasi zuen ibilbide profesionala, baina 1996an Garcinuño Comunicacion Grafica familiaren enpresara jo zuen. Hiru urte geroago, bere gain hartu zuen konpainia kudeatzeko ardura, bi lehengusurekin batera.
2008an Bizkaiko Arte Grafikoen Elkarteko presidente izendatu zuten, eta iaz berretsi zuen kargua. Espainiako Industria Grafikoen Enpresen Federazioko zuzendaritzako kide ere izendatu zuten.
2009ko maiatzetik dago Cebekeko zuzendaritza batzordean eta batzorde exekutiboan.
Atzoko bilerak ''garai berria ireki du'', Urkulluren hitzetan
Atzo alderdietako ordezkariekin egindako bilerak ''garai berria'' ireki duela esan du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, estreinakoz alderdi guztiak elkarrekin egon zirelako. ''Joan den asteazkenean baino hobeto gaude gaur'', esan du Urkulluk.
Cebekeko batzarrean egindako agerraldian, lehendakariak azpimarratu du alderdi guztietako ordezkariek bat egin dutela esaten gaur egun dugun egoera ekonomikoa eta krisiak eragiten dituen ondorioak larriak direla.
"Krisitik irteteko lehentasunak toki nabarmenagoa du gure agendetan, eta agenda horreklan egitera behartzen gaitu'', azaldu du.
Cebeken jarrera salatzeko elkarretaratzeak
ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuetako ordezkari sindikalek elkarretaratzea egin dute Euskalduna Jauregiaren aurrean. Bizkaiko Bulegoen sektorean hitzarmen bat lortzeko patronalaren jarrera salatu dute manifestariek.
Era berean, LAB sindikatuaren metaleko 150 ordezkarik jauregiaren aurrean protesta egin dute Cebeken jarrera salatzeko. Hitzarmenaren negoziazioan patronalaren "zorrozkeria" salatu dute.
Metaleko ordezkarien protesta. Argazkia: LAB sindikatua
"Metalaren herrialdeko hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik patronala ia ez da mugitu, lan-erreforma aplikatuko duela argudiatuz", salatu du LAB sindikatuak agiri batean.