Ekonomia -

UGTren kongresua Barakaldon

Casadoren kudeaketa onartu dute, % 75eko babesarekin

UGT Euskadiko ordezkariek Arza eta Collantes hautagaien artean aukeratu beharko dute. Arzak 'batasun' irudia indartzeko helburua du, eta Collantesek sindikatua gizartera 'hurbildu' nahi du.

Candido Mendezen eta Raul Arza hautagaiaren agurra. Argazkia: Efe
Candido Mendezen eta Raul Arza hautagaiaren agurra.
Abian da UGT-Euskadiren XI. Kongresua

1:10

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UGT Euskadiren XI. Kongresua hasi da dagoeneko Barakaldoko Antzokian, eta sindikatuko ordezkariek Damaso Casado idazkari nagusiaren kudeaketa onartu dute, botoen % 75aren babesarekin.

Casadoren kudeaketa onarpen zabala izan du, hala, 186 ordezkarik aldeko botoa eman dute, eta 61ek abstentziora jo dute, UGT Euskadik ohar bidez jakinarazi duenez.

Gaur hasi den kongresuan, sindikatuko ordezkariek Pilar Collantes eta Raul Arza hautagaien artean aukeratu beharko dute datozen lau urteetarako idazkari nagusia, Damaso Casadoren lekua hartuko duena.

Arzak Kongresuaren hasieran azaldu duenez, "kanpoan batasun irudia emateko asmoz" ekin dio Kongresuari, eta sindikatuaren kezka nagusia langileen arazoak direla berretsi du. Collantesek, berriz, "oso motibatuta" ekin dio jardunaldiari, eta bere helburua gizartera "hurbiltzea" dela adierazi du.

Kongresuan daude, besteak beste, Candido Mendez UGTren Estatu mailako idazkari nagusia, Patxi Lopez PSE-EEren buruzagia, Miguel Ángel Lujua Confebasken presidentea, ELA, CCOO eta LABen hainbat ordezkari, eta Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea.

Collantesek, ekitaldiaren hasieran emandako hitzaldian, herritarren arazoetara "hurbildu" beharra dagoela aldarrikatu du, eta bigarren mailan kokatu du sindikatu barruko baliabide urriekin dituzten arazoak.

Arzak, berriz, sindikatua indartzeko asmoz ekin dio Kongresuari, lantokiei eta gizarteari begira.

Kongresutik indarberrituta aterako da UGT Euskadi, Damaso Casadoren arabera

UGT Euskadi indarberrituta aterako da kongresu honetatik eta aurrerantzean ere modu aktiboan lanean jarraituko du, Damaso Casado sindikatuko idazkari nagusiaren arabera.

Hitzarmen kolektiboa ere hizpide izan du, eta Casadoren esanetan, UGT Euskadik historian zehar langileen lan-baldintzak hobetzeko lan egin du. Salatu duenez, hitzarmen kolektiboen negoziazioa blokeatuta dago, bereziki, Euskadin.

CEOE eta Cepyme patronalek eta UGT eta CCOO sindikatuek uztailaren 8an bertan behera geratuko diren hitzarmen kolektiboak luzatzeko akordio bat sinatu dute. Casadoren iritziz, akordio horrek Euskadin ere aurrerapausoak emateko balio lezake

Urkulluren gobernua alderdi politikoekin eta eragile sozialekin izaten ari den bileren harira, hitzarmen kolektiboen gaia jorratzeko bilera bat eskatu du Damaso Casadok.

Enpresetan presentzia handiagoa nahi du Mendezek

Candido Mendez UGTren idazkari nagusiak adierazi duenez, UGT-Euskadik 40.000 afiliatu inguru ditu, "potentzial handia", baina enpresetan duen pisua ez da parekoa.

"Egia da sindikatuen egoera ez dela berdina EAEn (ELA eta LAB Espainian ez daduelako), baina Nafarroan antzekoa da", eta UGTk "ordezkari ugari du bertan", azpimarratu du Mendezek.

Bihar jakingo da nor izango den idazkari nagusi

"Sendoak, erabilgarriak eta etorkizunarekin" lelopean egiten ari diren Kongresuan 254 ordezkarik parte hartuko dute, % 60 federazioetakoak eta % 40 eskualdeetakoak. Bozketa gaur hasiko da, baina bihar arte luzatuko da. Bihar arratsaldean idazkari nagusi berriak hitzaldia emango du 17:00etan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea