Ekonomia -
Manifestaldiak
Greba orokorraren aldeko manifestazioak egin dituzte LABek eta ELAk
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHBE, Hiru, CNT, CGT-LKN sindikatuek eta hainbat eragile sozialek greba orokorraren aldeko martxak egin dituzte gaut lurralde guztietan.
Erredakzioa
Mila lagun inguru izan dira larunbat honetan "Euskal Herriarentzako eskubide sozialen gutuna" sustatzeko Bilbon izandako manifestazioan. Halaber, murrizketen aurrean langileen eskubideak defendatzeko datorren ostegunean, maiatzaren 30ean, izango den greba orokorrean parte hartzeko deia egin dute.
Bilborekin batera, Gasteizen eta Donostian ere izan dira martxak, guztiak, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHBE, Hiru, CNT, CGT-LKN sindikatuek eta hainbat eragile sozialek deituta.
Bilboko Jesusen Bihotzetik 17:30ean abiatutako manifestazioan greba orokorraren aldeko eta murrizketen aurkako oihuak izan dira entzungai.
Manifestazioa hasi aurretik, Mikel Noval ELAko Politika Sozialerako arduradunak azpimarratu duenez, "greba orokorrean parte hartzeko deia da gaurko martxa". "Erasoen aurrean, zein da erantzuna?", galdetu die Novalek herritarrei, "ezer egin gabe etxean geratzea edo mobilizazioetan parte hartzea?".
Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak "aberastasunaren banaketan eta lanean oinarritutako eredu ekonomiko eta sozial berria" eraikitzearen alde egin du. Gainera, krisiari "alternatiba" dagoela nabarmendu du.
Manifestazioa Iruñean
Halaber, greba orokorra deitu duten sindikatuek eta kolektibo sozialek mobilizazioak egin dituzte larunbat honetan Iruñean ere, "Euskal Herriarentzako eskubide sozialen gutuna" eskatzeko.
Gauzak horrela, ostegunen izango den manifestazioari babesa erakutsi diote Iruñeko hainbat zonaldetatik bizikletaz egindako ibilbide batekin. Goizean euria egin badu, 100 bat txirrindularik bat egin dute ekimenarekin. Parte-hartzaileek hainbat lelo abestu dituzte, eta greba orokorrari babesa erakusteko hainbat lelo irakurgai ziren jantziak eraman dituzte.
Ondoren, Iruñeko Udaleko plazaraino oinez abiatu dira. Bertan komunikabideren aurrean Juanan Iriartek (ESK) adierazi duenez, "datorren ostegunean izango den hitzordua berotzeko balio digu gaurkoak". Gainera, "mobilizazio masiboak" iragarri ditu Iriartek, "jendeak sumina duelako, eta erantzun behar duelako".
Iriartek greba orokorraren beharra azpimarratu du, "egoerak okerrera egin duelako eta krisia ari delako luzatzen, eta Gobernu guztiek egindako politikekin krisiaren ondorioetan ari direlako sakontzen". "Gero eta lagun kopuru gehiagok pairatutako bazterkeria" salatu du Iriartek, "langabeziak gora egin duelako, eta patronalak soldatak murriztu dituelako".
Horren harira, "erabakiak tokiko eremuetatik ahalik eta hurbilen hartu ahal izateko, esparru propio baten beharra" nabarmendu du.