Ekonomia -
Fagor eta Eroskiren ekarpenak
Bitartekari izatea eskatu dio Legebiltzarrari Kaltetuak elkarteak
Ez dute onartzen Kontsumobideren bitartekaritza, eta irtenbiderik lortzen ez badute auzitegietara joko dutela iragarri dute.
Erredakzioa
Kaltetuak Eroskiren eta Fagorren mendeko finantza-ekarpenen kaltedunen elkarteak auzia konpontzeko bitartekari izatea eskatu dio astearte honetan Eusko Legebiltzarrari. Halaber, akordiorik lortzen ez badute auzitegietara joko dutela eta kereila judiziala jarriko dutela aurreratu dute.
Elkarteko ordezkariek agerraldia egin dute Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo batzordean, ia bi orduz, Fagorren eta Eroskiren mendeko finantza-ekarpenen aferaren inguruan beren ikuspuntua plazaratzeko.
Ricardo Gonzalez de Durana elkarteko presidenteak jakitera eman duenez, 1.000 kaltetu baino gehiago biltzen ditu elkarteak, eta, hala, ekarpen hauek dituzten lagun gehien biltzen dituen elkartea da Kaltetuak. Estatu osoan, 4.000 familiari eragiten dien ''drama'' da, Gonzalez de Duranak azpimarratu duenez.
"Gero eta kaltetu gehiago gaude elkartean, produktu toxiko hauek dituzten enpresen artean arazoa konpondu nahi ez duten bakarrak direlako Eroski eta Fagor'', kritikatu du presidenteak.
Ildo horretan, Jose Ramon Zugadi elkarteko kideak azpimarratu du Eroskik eta Fagorrek kaltedunen 845 milioi euro dituztela beren balantzeetan.
''Luis Barcenasek Suitzan dituen 22 milioiekin alderatuta, 40 Barcenas lirateke'', azaldu du. "40 Barcenas horietatik 30 Eroskiren balantzean daude; beste 8, Fagorren balantzean; eta gainerako biak, berriz, banka komertzialean, produktua eskaintzeagatik jasotako komisio gisa'', adierazi du. "Guk ez dugu inolako dohaintzarik egin; ez dugu gure dirua oparitu'', gaineratu du.
Ez dute onartzen Kontsumobideren bitartekaritza
Kaltetuak elkarteko kideen ustez, Belen Greaves Kontsumobideko zuzendariak egindako adierazpenek ezgaitu egiten dute Kontsumoko Euskal Institutua gatazka honetan bitartekari lanetan aritzeko. Horien hitzetan, ''egileen alde egindako adierazpenek'' ezgaitu egiten dute Graves ''bitartekari izateko''. ''Ez dauka beharrezkoa den profila''', gaineratu dute.
Auzitegietan neurriak
Zugadik azaldu duenez, epaitegietara heldu behar izatea ekidin nahi dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ofizioz esku hartu dezan ''esperantza txikia'' dute.
Edonola ere, irtenbiderik lortzen ez badute auzitegietara joko dutela iragarri dute, eta erantzuleen kontra (Fagor, Eroski eta mendeko finantza-ekarpenak igorri zituztenak) kereila penala jarriko dutela aurreratu dute. Halaber, EAEko eta Espainiako herritarrak erantzule subsidiario gisa jartzea planteatzen ari direla ere aurreratu dute.
Kongresuak baztertu egin du mendekoen itzulera bermatu ahal izateko legea aldatzea
Bestalde, Diputatuen Kongresuak baztertu egin du, astearte honetan, finantza esparruan eskarmentu gutxi duten aurreztaileei mendeko fidantza-ekarpenen balioa itzuli ahal izateko legea aldatzea. BNGk aurkeztutako proposamena zen.