Ekonomia -

M-30: Greba Orokorra

Jarraipen zabala, sindikatuen arabera; porrota, patronalaren iritzian

Bestalde, Jaurlaritzaren aburuz, gaurko grebak irailaren 26koak baino babes txikiagoa izan du. Milaka langilek eredu ekonomiko eta sozial berri bat ezartzea eskatu diete agintari politikoei.

Milaka langile atera dira kalera, eredu ekonomiko eta sozial berri bat eskatzeko. EFE
Milaka langile atera dira kalera, eredu ekonomiko eta sozial berri bat eskatzeko. EFE
Milaka langile atera dira kalera, eredu ekonomiko eta sozial berri bat eskatzeko. EFE

G. Palacios

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisi ekonomikoa hasi zenetik zortzigarren greba orokorra izan da euskal gehiengo sindikalak hilaren 30erako EAEn eta Nafarroan deitutakoa. Lanuzteak bi irudi utzi dizkigu: batetik, milaka langile euskal hiriburuetako manifestazioetan, euren eskubideen defentsan; bestetik, grebaren eraginari buruzko datuen dantza.

Sindikatuak pozik agertu dira 2013ko greba orokorrak "erantzun zabala izan duelako"; patronalaren arabera, berriz, lanuzteak "porrot" egin du. Bestalde, Jaurlaritzak emandako datuak aintzat hartuta, gaurko grebak joan den irailaren 26koak baino babes txikiagoa izan du.

Sindikatuek azaldu dutenez, greba orokorrak jarraipen zabala izan du, "batez ere industria-guneetan, sektore publikoan eta irakaskuntzan". Lurraldez lurralde eta sektorez sektore erantzuna ezberdina izan dela ere erantsi dute.

Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera, grebaren jarraipena % 20koa izan da sektore publikoan eta % 18,7koa sektore pribatuan, azkeneko greban baino gutxiago. Juan Maria Aburtok azaldu duenez, beste lanuzte batzuetan baino istilu gutxiago izan dira oraingoan. 18 pertsona identifikatu dituzte "beste langile batzuei mehatxu egiteagatik".

Confebask euskal enpresarien konfederazioak esan du greba orokorrak "beste behin porrot" egin duela. Bere datuen arabera, grebaren eragina % 30ekoa izan da Gipuzkoan eta % 10 baino gutxiagokoa Bizkaian eta Araban. "Zonalde gehienetan grebak ez du eraginik izan; sektoreka eta lurraldeka, jarraipena oso txikia eta ezberdina izan da", erantsi du ohar batean.

Milaka lagunek eredu ekonomiko eta sozial berria eskatu dute

Milaka  langile elkartu dira euskal hiriburuetako manifestazioetan, murrizketak salatzeko eta Iñigo Urkulluren Jaurlaritzari eta Yolanda Barcinaren Gobernuari eredu ekonomiko berri bat ezartzea eta datozen erreforma "izugarriei" uko egitea eskatzeko.

Adolfo 'Txiki' Muñoz eta Ainhoa Etxaide Gasteizen egindako manifestazioan izan dira. Martxaren bukaeran hitza hartu dute, eta Muñoz greba egin ez duten talde parlamentarioei zuzendu zaie: "Grebarako eskubidea errespetatu gabe Legebiltzarrean dauden politikariei galdetuko nieke ea ongi iruditzen zaien gizartea sufritzen ari den suntsipen soziala euren laguntzarekin burutzea".

Ainhoa Etxaidek, bestalde, premiazkotzat jo du erreforma fiskal sakon bat abian jartzea, "langileen ekarpenarekin lortutako aberastasuna zerbitzu publikoak hobetzeko erabiltzeko". Gainera, LABek "kapitalaren zerbitzura dauden paktuak oztopatzen" jarraituko duela ohartarazi du.

"Akordiorako masa soziala badago, baina gure akordioa erreformak ez aplikatzeko, Espainiako Gobernuari men ez egiteko eta euskal elite ekonomikoaren exijentziei ezetz esateko izango da", azpimarratu du.

Bilbon, Donostian eta Iruñean ere milaka lagun elkartu dira 'Euskubide sozial eta laboral duinak. Eredu propioa Euskal Herrian' lelopean egindako manifestazioetan.

Istiluak

Greba orokorra zenbait istilurekin hasi da. Bilboko metroaren kontrako sabotajea izan da Boluetako geltokian, eta zenbait kutxazain automatiko erre dituzte Hernanin.

Informazio-piketeen eta ertzainen artean, tentsioa ere izan da hainbat herri eta hiriburutan.

Segurtasun Sailaren arabera, istiluak ez dira apartekoak izan, baina hamarka pertsona identifikatu eta bost auzipetu dituzte.

Nafarroan ere dozenaka lagun identifikatu dituzte informazio-piketeetan parte hartzeagatik, eta gutxienez 13 pertsona atxilotu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea