Ekonomia -

Industria Babesteko Programa

Jaurlaritzak 757 milioi euro bideratuko ditu industria indartzera

Industria babesteko programak 14 neurri biltzen ditu, eta horiek, errekurtso publiko-pribatutan, 2.189 milioi euro ekarriko dituztela aurreikusten dute.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 757 milioi euro bideratuko ditu industria "indartzeko" eta sektoreak krisiari "azkarrago eta hobeto" aurre egin ahal izateko. Laguntza hori, hain zuzen, Industria Babesteko Programan jasota dago.

Ricardo Gatzagaetxebarria Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Arantza Tapia Ekonomia Garapenarako eta Lehiakortasunerako sailburuak prentsaurreko bat eman dute Industria Babesteko Programaren ardatz nagusiak aurkezteko.

Programan, 14 neurri bildu dituzte, eta horiek, errekurtso publiko-pribatutan, 2.189 milioi euro ekarriko dituztela aurreikusi dute.

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, ardatz nagusia zera da: proiektu berriei, jarduera bultzatuko duten proiektu estrategikoei eta enpresen errekurtso propioak indartzeko programei finantzazioa babestea.

Sailburuek adierazi dutenez, euskal industria "indartzea" da neurri hauen helburu nagusia sektoreak krisiari "azkarrago eta hobeto" aurre egiteko.

Berritasunen artean, enpresa txiki eta ertainen finantzazio hitzarmenaz gain (duela bi hilabete sartu zen indarrean), Bideratu Berria izeneko ekimena dago. Ekimen hori berregituratze prozesuan dauden industria proiektuak suspertzeko programa bat da eta Europar Batasunaren baimenaren zain dagola azaldu dute.

Horrez gain, ekimen berrien artean, atzerriko inbertsioa erakartzera zuzendutakoak nabarmendu dituzte. Hala, EAEra modu askotako funtsak gerturatzen ari direla aurreratu dute, batik bat, enpresak erosteko asmoa dutenak, baina, Jaurlaritzaren helburua bertako promotoreekin inbertitzea dela nabarmendu dute.

Tapiak azaldu duenez, ekimen gehienak "indarrean eta martxan" daude jada.

Horrez gain, Jaurlaritzak ontzigintza sektoreari ere lagunduko dio, Europako Kontseiluak ontziolei zuzendutako onuren harira zabaldu zen espedienteari buruzko azken erabakia hartu bitartean.

15 milioi euro bideratuko dituzte horretara, eta EAEko ontziola guztiek (handienak, Navalek, ere bai) izango dute horiek jasotzeko aukera. Laguntza horrek 60 milioi euroko sarrerak eragingo ditu bertoko ekonomian, Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.

Aipatu laguntzak hilabete honetan bertan martxan egoteko prozesua abidan dela erantsi dute.

INDUSTRIAREN JARDUERA % 4 JAITSI DA APIRILEAN, EAE-N

Joan den apirilean industriaren jarduera % 4 jaitsi zen Euskal Autonomia Erkidegoan, iazko apirilarekin alderatuta.

Martxoko datuei erreparatuz gero, berriz, jarduerak % 3,7 egin du atzera, Eustatek kaleratutako datuen arabera.

Apirila batik bat Araban izan da txarra, industriaren jarduerak % 11,5 egin du atzera urtebetean. Gipuzkoan % 2,7 jaitsi da eta Bizkaian % 0,9.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Industria gaur