Ekonomia -
Legebiltzarreko batzordea
Bilboko metroaren 3. linea % 38 garestiagoa izango da
Hori azaldu du Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak. Lanak 2016an bukatzea aurreikusi du Jaurlaritzak, baina atal eta azpiegitura asko 2014rako prest egon litezke.
Erredakzioa
Bilboko metroaren 3. linearen lanak 2004an aurreikusitakoa baino % 38 garestiagoak izango dira, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak aitortu duenez.
Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du sailburuak, eta, bertan azaldu duenez, 2016an bukatutako dituzte Bilboko metroaren linea berriko lanak. Edonola ere, atal eta azpiegitura asko 2014 urte bukaerarako prest egon litezkeela azaldu du sailburuak.
Zehazki, San Antonio-Etxebarri, Txurdinaga-Alde Zaharra eta Uribarriko ibilbideak eta Matikoko geltoki berria egon litezke bukatuta 2014rako.
2016rako, berriz, Etxebarri-Txurdinaga tartea eta Alde Zaharreko geltokia bukatzea espero dute. Halaber, elektrizitate, katenari, higigarri eta seinaleztapen-sistema ere hiru urte barru bukatzea aurreikusi dute.
Aurrekontua, gorantz
2004an 151 milioi euroko aurrekontua ezarri zioten Bilboko metroaren linea berriari, baina, 2012an egindako eguneraketarekin, 208 milioi eurora igo zuten zenbatekoa. Oregik azaldu duenez, prezioen urteko eguneraketari dagokio neurri handi batean igoera hori.
Hala ere, beste zenbait arrazoi ere aipatu ditu sailburuak, tartean Txurdinagan sortutako arazo geoteknikoak. Izan ere, arazo horien ondorioz, jatorrizko proiektua aldatu behar izan zuten, eta horrek 17 milioi euro garestitu zuen aurrekontua.
Bilboko Udalak ezarritako erreformek ere 7,8 milioi euro garestitu dute aurrekontua, Oregik azaldu duenez. Zurbaranbarriko sarbide berriak (2,8 milioi euro), Alde Zaharreko geltoki berriak (13 miloi euro) eta Matikoko geltokiko lanek (13,5 milioi) ere garestitu dute zenbatekoa.